Modesto Andueza pilotari ohia zendu da

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 14a, 10:50

Atzo hil zen Modesto Andueza, 81 urte zituela. Pilotari azkoitiarrak 1964an egin zuen debuta profesionaletan, eta bere eskuin esku apartak nabarmendu zuen bere ibilbidean, garai hartako pilotari onenekin aritzeraino. 

Modesto Andueza Andueza III.a hil da. Atzo zendu zen, 81 urte zituela. 1940ko uztailaren 8an jaio zen Modesto Andueza Azkoitian, eta urte luzez izan zen pilotari eta batez ere pilotazale. 1964an iritsi zen profesionaletara, urte hartako urriaren 14an Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar frontoian debuta eginez. Bigarren Mailako buruz buruko txapelduna izan zen 1966an, eta Retegi I. gainditu zuen finalean.

Garaipen horrek bultzada eman zion bere garaiko pilotari handienekin aritzeko: Ogeta, Retegi I, Retegi II, Atano X, Tapia anaiak, Lajos, Arriaran II. Eskuineko esku aparta zuen Andueza III.ak, eta horrek asko lagundu eta nabarmendu zuen pilotari ibilbidean.

Duela urtebete atzoko egunez hil zen zaletasuna partekatzen zuen bere anai Jexux Andueza Andueza VI.a. Hileta elizkizuna gaur, larunbata, izango da, 19:00etan, Azkoitiko parrokian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide