Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren bigarren faseko lanak lizitaziora atera ditu udalak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 13a, 12:11
LKSk egindako proiektu honetan Floreaga Berri plazara eraikiko duten pasabidea falta da. (Argazkiak: udala)

805.641,03 euroko hasierako aurrekontua izango dute lanek, eta udalak egindako aurreikuspenen arabera, 2023 urteko udarako lanak amaituta izatea espero dute. Igogailu bat, hari lotutako bi pasabide eta urbanizazio lanak egingo dituzte bigarren fasean.

Floreaga auzoko bigarren igogailua eraikitzeko lanak lizitzaziora atera ditu Azkoitiko Udalak. Auzoko irisgarritasun arazoari irtenbidea emateko asmoz, lau igogailu, hainbat pasabide, arrapalak eta zebra bideak jartzeko beharra ikusi zuen LKSk 2018an egindako azterlanean, eta lan horiek bost fasetan egitea aurreikusi zuten orduan.

Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko lukete igogailua, eta hari lotutako bi pasabideak Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara eramango lukete. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara eramango luke, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara. Zehazki, errepidearen gainetik igaroko litzateke bigarren plaza horretarako pasabidea –albisteko irudian Zuazola plazarako pasabidea ageri da soilik–. "Exekutatuta dagoen aurreko faseak eta bigarrenak auzoko gune ezberdinak konektatuko dituen ibilbide bakar bat osatuko dute, Aizkibel kalean 16,5 metroko desnibela libratuz", adierazi du udalak ohar bidez.

Lehen faseari zegokion lehen igogailua iazko urrian inauguratu zuten, eta orain, bigarren fasea exekutatzeko lanak atera ditu udalak lizitaziora. 805.641,03 euroko hasierako aurrekontua izango dute obra horiek BEZa barne, eta erakundeak jakinarazi duenez, eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 7an amaituko da. Obrak hasitakoan, sei hilabeteko exekuzio epea izango dute lanek, eta udalaren arabera, 2023. urteko lehen seihilekorako amaituta izango dira lanak.

Javier Zubizarreta alkatea eta Floreagako auzotarrak, alkatearen bulegoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide