Atzegiren sentsibilizazio kanpainan parte hartzen ari da udala

Santos eta Lander Uria, Zubizarreta, Idoeta eta Igoa, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Datozen egunetan Udal hau Atzegizalea da. Eta zu? leloa daraman murala egongo da zintzilikatuta udaletxean. Javier Zubizarreta alkateari eta Janire Igoa Ongizateko zinegotziari kanpainaren berri ematen izan dira gaur, asteazkena, Santos Uria Atzegiko ordezkaria eta Lander Uria haren semea.

Azkoitiko Udala Atzegi elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpainan parte hartzen ari da. Adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien elkartea da Atzegi, eta aurten martxan duten kanpainaren berri ematen izan dira udaletxean Santos Uria elkarteko ordezkaria eta Lander Uria haren semea. Javier Zubizarreta alkatearekin eta Janire Igoa Ongizate zinegotziarekin elkartu dira horiek udaletxean, eta bidelagun izan dute Ander Idoeta udal langilea ere; adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzen duen Pauso Berriak programan parte hartzen ari da Idoeta.

Atzegiren aurtengo kanpainaren helburua adimen desgaitasuna duten pertsonek "bizi dituzten egoera ezberdin eta anitzak plazaratzea" da, eta elkarteak programan adierazten duenez, "ezinbestekoa" da pertsona horiek "diren bezala onartzea, errespetuz tratatzea eta gizarte inklusio erreal baten alde lerratzea".

Kanpainaren parte hartzen ari dela erakusteko, herri erakundeak Udal hau Atzegizalea da. Eta zu? leloa daraman murala zintzilikatuta izango du datozen egunetan udaletxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide