Bihar itxiko da CDKL5 gaixotasuna ikusarazteko lasterketan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko mai. 14a, 09:00
Duela aste batzuk plazan itsatsitako karteletako baten irudia. (Andoni Elduaien)

Atzo, ostirala, itxi zen izena aurrez aurre emateko epea, baina gaur eta bihar Internetez eman ahako da izena. Maiatzaren 28an izango da proba solidarioa, eta bertan jasotako diru guztia CDKL5 elkarteari emango diote.

Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak, Azkoitiko Gazteria Zerbitzuaren bitartez, hainbat ekintza antolatu dituzte CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko helburuarekin, eta, besteak beste, lasterketa solidarioa antolatu dute maiatzaren 28rako. Aste honen hasieran ireki zuten egitasmoan izena emateko epea, eta bihar, igandea, izango da horretarako azken eguna —atzo itxi zen izena aurrez aurre emateko aukera—. Interesdunek honako lotura honetako txantiloia bete beharko dute lasterketan parte hartzeko.

Dortsala Gazteria Bulegoan bertan jaso eta ordaindu beharko da, maiatzaren 23tik 27ra bitartean; halere, egunean bertan ere jaso ahalko da dortsala proba hasi aurretik. Helduek bost euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 12 urtetik beherakoek, hiru euro. Gazteria Zerbitzuko kideek jakinarazi dutenez, jasotako diru guztia CDKL5 elkarteari bideratuko diote. Horrez gain, nabarmendu dute ez dela "lasterketa arrunta" izango: "Ibilbide motza eta erraza izango du lasterketak. Guztiek parte hartzea nahi dugu, haurrek zein helduek edota banaka nahiz familian".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide