Haurrei eta nerabeei zuzendutako udako ekintzetan izena emateko epea zabaldu dute

Andoni Elduaien 2022ko mai. 10a, 12:13
Askotariko ekintzak egingo dituzte haurrek eta nerabeek uztailean zehar.

Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuetan izena emateko epea atzo ireki zuten, eta maiatzaren 20ra bitartean egongo da zabalik. Astebeteko txandak antolatu dituzte eta plazak mugatuak dira; hori horrela, udalekuen plaza kopurua baino haur gehiagok ematen badu izena, zozketa egingo dute hilaren 25ean. Trebatzen udako tailerretan izena emateko epea, aldiz, ekainaren 12an itxiko da.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak prest du haurrei eta nerabeei zuzendutako aurtengo Udazblai udako eskaintza. Atzo, astelehena, ireki zuten Praka Motxakin nahiz Artxabentura udalekuetarako izen-emateko epea, baita Trebatzen udako tailerretarakoa ere.

Praka Motxakin eta Artxabentura programak astebetekoak izango dira, baina haurrek eta nerabeek txanda bat baino gehiagotan —bitan edo hirutan— izena emateko aukera izango dute, beti ere plazak libre gelditzen badira. Plaza guztiak betetzen badira, berriz, zozketa egingo dute maiatzaren 25ean. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako egitasmoa da Praka Motxakin. HH3 eta HH5 mailetako ikasleentzat bi asteko udalekuak eskainiko dituzte: uztailaren 4tik 8ra eta uztailaren 11tik 18ra. LH1 eta LH3 mailetako gaztetxoentzat, berriz, ekintzak hiru astetan egingo dituzte: uztailaren 4tik 8ra, uztailaren 11tik 15era eta uztailaren 18tik 22ra. LH4 eta LH6 adin tartekoentzat, azkenik, uztailaren 18tik 22rako astean antolatu dituzte ekintzak. Izena ematerakoan adinaren araberako asteetako bat aukeratu beharko dute interesdunek. 

Artxabentura, berriz, 13 eta 16 bitarteko nerabeei –DBH 1 eta DBH4 mailetako ikasleak– zuzendutako egitasmoa da. Ekintzak ekainaren 27tik uztailaren 1era bitartean garatuko dituzte, hau da, astebeteko txanda bakarra antolatuko dute adin tarte horretako gaztetxoentzat. 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako Trebatzen udako tailerrak, bestalde, uztailaren 4tik 15era garatuko dituzte. Hala eta guztiz ere, ikastaro bakoitzak bere data izango du epe tarte horretan. Honako tailer hauek eskainiko dituzte Elkargunean: marrazketa artistikoaren tailerra, eskuz briko lantegia, Kodeka robotika tailerra, ilustrazio marrazketa tailerra, arteterapia sormena lantzeko tailerra, Kodeka bideo-jokoen programazio tailerra, grafismo digitalaren tailerra, multikirola tailerra eta Kodeka teknologiaren tailerra.

Izen-ematearen informazioa

Maiatzaren 20an itxiko da Praka Motxakin eta Artxabenduta programetarako izen-ematea. Izen-ematea Gazte Zerbitzu Bulegoan 16:30etik 20:00etara bitartean egin beharko da, baina Gazteria Zerbitzuaren wegunean ere egin ahalko da. Egitasmo horietarako plazak mugatuak dira, eta plazak baino haur eta nerabe gehiagok ematen badute izena, zozketa egingo dute maiatzaren 25ean. Aldiz, behin betiko izen-ematea maiatzaren 30etik ekainaren 3ra izango da, orduan egin beharko baita ordainketa. Praka Motxakin programaren aste bakoitzeko prezioa 40 eurokoa izango da. Familia beretik haur bat baino gehiagok izena ematen badute, bigarren haurrak eta ondorengoek %25eko hobaria izango dute, baita familia ugariko haurrek ere; hori horrela, 30 euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Artxabentura programaren prezioa, berriz, 100 eurokoa da. Kasu horretan ere %25eko hobaria izango dute familia bereko bigarren zein ondorengo kideek eta familia ugariko nerabeek; kasu horretan 75 euro ordaindu beharko dute.

Trebatzen tailerren izen-emate epea, bestalde, luzeagoa izango da. Atzo zabaldu zuten horretarako aukera, baina ekainaren 12an itxiko dute. Izen-ematea Elkarguneko Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko 16:30etik 20:00etara bitartean, baina Elkargunearen webgunean ere egin ahalko da izen-ematea. Internetez egin nahi dutenek webgunean bertan aurkituko dute ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia. Gazte Zerbitzu Bulegoan egiten dutenek, berriz, dirua sartu eta izen-emate orria betetzerakoan ordainagiria aurkeztu beharko dute bulegoan. Tailer bakoitzaren prezioa 80 eurokoa da, baina bi ikastarotan izena emanez gero, prezioa 120 eurokoa izango da. Familia beretik kide bat baino gehiagok ematen badute izena edo familia ugariko partaidea izanez gero, prezioan %25eko hobaria izango dute.

Izena eman eta udalekuetan plaza lortzen duten haurren eta nerabeen gurasoekin bilera antolatuko dute, programa nahiz hezitzaileak ezagutzeko. Gainera, Gazteria sailak gogorarazi du arrazoi jakin bategatik udalekua garatzea ezinezkoa bada, bertan behera utziko dituztela programak. Udalekua hasi baino lehen eteten badute egitasmoa, ordaindutako kopurua osorik itzuliko dute, baina udalekua abian dela eteten badute, ordaindutakoaren %50a itzuliko dute, ordurako erreserbak eta bestelako erosketak eginda izango dituztelako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide