Igandean sanisidroak ospatuko dituzte Madariaga auzoan

2018an egin zuten prozesioaren irudi bat.

Auzoko elizaren eraberritzea azpimarratu nahi izan dute aurten Madarixa auzo elkarteko kideek. Madariaga auzora igotzeko eta handik herrira jaisteko autobus zerbitzua eskainiko du udalak.

Igandean, maiatzak 15, San Isidro eguna ospatuko dute Azkoitiko Madariaga auzoan. 11:00etan, Sonia Sanz elizaren eraberritzaileak elizaren eraberritze lanen azalpenak emango ditu, eta ondoren, 11:30ean, meza egingo dute. Juan Maria Uriarte gotzain emerituak zuzenduko du elizkizuna Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak lagunduta. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako abesbatzak ere parte hartuko du mezan.

Mezaren ondoren, 12:30ean, luntxa egingo dute, eta musikak ere ez du hutsik egingo. I. Astiazaran eta Unai Narbaiza trikitilariak arituko dira auzoa girotzen, baita Aitor Sarriegi eta Aner Peritz bertsolariak ere.

Azkoitiko Udalak Madariaga auzora igotzeko eta handik herrira jaisteko autobus zerbitzua eskainiko du. 10:00etatik aurrera, Madariaga auzora igotzeko autobusak egongo dira; Julio Urkixo etorbideko autobus geralekuan –Eroski txikiaren alboan– hartu beharko dira autobusak. 14:00etan jaitsiko da auzotik herrirako azken autobusa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide