Gorka Zubizarretak Anaitasunako nesken entrenatzaile izateari utziko dio

Gorka Zubizarreta entrenatzailea, partida batean. (Anaitasuna)

2018-2019 denboraldian hartu zuen kargua Zubizarretak, eta lau denboraldiren ondoren taldea uzteko erabakia hartu du entrenatzaileak. Larunbatean, porrotarekin agurtu zuten urtea Anaitasunako neskek, eta orain, Emakumezkoen Lehen Nazionalera igotzeko aukerarik izango duten edo ez jakiteko, zain jarraitzen dute.

Gorka Zubizarretak ez du Anaitasunaren nesken lehen taldeko entrenatzaile izaten jarraituko. Hala jakinarazi zuen atzo, igandea, Azkoitiko futbol taldeak sare sozialen bidez. Zubizarretak 2018ko uztailean hartu zuen nesken lehen taldeko ardura. Emakumezkoen Euskal Ligari eutsi zioten lehen bi urteetan, baina, urtez urte, goranzko bidea egiten joan da nesken taldea Zubizarretaren eskutik.

Iaz, Emakumezkoen Lehen Nazionalerako igoera fasea jokatu zuten, eta sailkapeneko hirugarren postuan amaitu zuten sasoia, Athletic eta Eibar taldeen atzetik. Aurten, berriz, sailkapeneko bigarren postuan itxi dute denboraldia, Eibarren atzetik. Anaitasunak eskerrak eman dizkio Zubizarretari nesken taldearekin egindako lan guztiagatik.

Porrota, azken jardunaldian

Nesken lehen taldeak larunbatean jokatu zuen denboraldiko azken neurketa, eta gorritxoek 0 eta 3 galdu zuten Elorrioren aurka, Txerloian. Eneritz Jauregi jokalariari animo mezuak emanez hasi zuten neskek eguna, hark belauneko lotailu gurutzatua hautsita baitu. Lehen zatia hutsean amaitu zuten neskek, baina bigarren zatian bizkaitarrak gehiago izan ziren, eta haiek hiru gol egin zituzten. 55. minutuan egin zuten lehena, handik bi minutura bigarrena, eta 70. minutuan hirugarrena.

Beste multzoetako bigarren sailkatuen emaitzen zain, Anaitasunako nesken lehen taldeak Emakumezkoen Lehen Nazionalera igotzeko aukerak dituzte oraindik orain; izan ere, bigarren onenek mailaz igotzeko aukera izango dute. Emaitzen zain egon beharko dute gorritxoek mailaz igotzen diren edo ez ikusteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide