Sabino Arana fundazioak omenaldia egin die EABko emakumeei, eta bertan izan da Tegi Urzelai

Anartz Izagirre 2022ko mai. 7a, 16:39
Emakume Abertzale Batzaren omenaldiko irudi bat. (EAJ)

Ehun urte bete dira gaur Emakume Abertzale Batza sortu zenetik, eta Sabino Arana fundazioak omenaldia egin die elkarte horretako kide izan ziren emakumeei Bilboko Euskalduna jauregian. EABko kide zen Julene Urzelai azkoitiarraren iloba Tegi Urzelai omenaldian izan da.

1922ko maiatzaren 7an sortu zuten Emakume Abertzale Batza, Espainiako Estatuko emakumeen lehen erakunde politiko nazionalista. Gaur ehun urte bete dira elkarte hura sortu zenetik, eta Sabino Arana fundazioak omenaldia egin die Bilboko Euskalduna jauregian EABko partaide izan ziren emakumeei. Julene Urzelai azkoitiarra EABko kide izan zen hainbat urtez, eta haren iloba Tegi Urzelai omenaldian izan da; gainera, elkarte horretako kide izan ziren beste emakume batzuen familiakideekin solasaldia eskaini du Urzelaik, hain zuzen ere, Alicia Aretxabaletaren biloba Nagore Garamendirekin eta Maria Oarren alaba Begoña Agirrerekin batera.

Omenaldian instituzioetako hainbat ordezkari izan dira; esaterako, Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidentea, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, eta Arantza Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak. Zaratek honakoa adierazi du EABko emakumeen inguruan: "Ikuspuntu feminista batetik ezinbesteko lana egin zuten emakume haiek emakume abertzaleen ahalduntzean zein alor politikoan".

Tegi Urzelai omenaldiko une batean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide