Azkoitiko palistek 0-3 irabazi diote Zarautzi Gipuzkoako Herriartekoaren lehen kanporaketako joanekoan

Anartz Izagirre 2022ko mai. 7a, 14:58
Iker Epelde (eskuinean) eta Zarauzko aurkaria, gaurko partida hasi aurretik. (Utzitakoa)

Oteiza pilota elkartekoek hirutik hiru partida irabazi dituzte Zarautzen. Datorren igandean, maiatzak 15, itzulerako partida jokatuko dute Gurea pilotalekuan, eta final laurdenetarako txartela egongo da jokoan norgehiagoka horietan.

Hasi da dagoeneko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta gaur, zapatua, lehen kanporaketako joaneko partida 0-3 irabazi dute palista azkoitiarrek. Zarautz izan dute aurkari, etxetik kanpo, eta jaun eta jabe izan dira Oteiza pilota elkarteko kirolariak hiru partidetan. Buruz buru kantxa osoan 7-20 irabazi du Jokin Aizpuruk; binaka, Oier Beitiak eta Igor Juaristik 14-20 hartu dituzte mendean aurkariak, eta zazpi koadroren barruan, Iker Epeldek 3-20 irabazi du norgehiagoka.

Datorren igandean, maiatzak 15, itzulerako partida jokatuko dute Azkoitiko palistek Gurea pilotalekuan, eta final laurdenetara sailkatzeko txartela egongo da jokoan hiru partida horietan. Final laurdenetara sailkatuz gero, Soraluze izango lukete aurkari azkoitiarrek, eta etxean hasiko lukete kanporaketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide