Igoera fasera sailkatzeko txartelak ihes egin dio Tta-kun areto futbol taldeari

Tta-kun eta Ausa Zaldibiren atzoko partidako une bat, Elkargunean. (Tta-kun)

Etxeko taldea irabazten hasi zen atzo, ostirala, Elkargunean jokatu zuten partidan, baina Ausa Zaldibi taldeak aurre hartu zion partidan, eta 3-4 amaitu zen norgehiagoka. Beraz, Tta-kunek aurten ezin izango du Gipuzkoako Lehen Mailara igo.

Norgehiagoka garrantzitsua zuen jokoan atzo, ostirala, Tta-kun areto futbol taldeak. Izan ere, puntu bat batzea nahikoa zuen Gipuzkoako Lehen Mailarako igoera fasera sailkatzeko. Ausa Zaldibiren aurka berdinduz gero, sailkapeneko laugarren postua ziurtatuko zukeen Tta-kun taldeak —sailkapeneko lehen lau taldeak sailkatuko dira—, eta irabaziz gero, gaur-gaurkoz hirugarrena den taldearen emaitzaren zain egon beharko zukeen. Atzoko partidan, ordea, gehiago izan zen Zaldibiako (Gipuzkoa) taldea, eta Azkoitiko taldeak ezin izan zuen ezarritako helburua bete. 

Tta-kun taldeko Piok egin zuen lehen gola partidan, baina minutu bat beranduago iritsi zen Ausa Zaldibiren berdinketa, eta 28. minutuan aurretik jarri ziren. Azkenean, 3-4 amaitu zen partida, eta Azkoitiko taldea igoera fasera sailkatzeko aukerarik gabe gelditu da; beraz, 2022-2023 denboraldian ere Gipuzkoako Bigarren Mailan jarraituko du Tta-kunek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide