Izaskun Landaidak eskaini du Udaberriko Hitzaldiak zikloko lehen solasaldia

Anartz Izagirre 2022ko mai. 5a, 22:02
Izaskun Landaidan eskaini duen solasaldiko irudi bat. (Gazte Geroa)

Emakunderen zuzendariak berdintasuna izan du hizpide gaur, osteguna, Elkargunean eskaini duen hitzaldian, eta hainbat herritar joan da solasaldia entzutera. Hilaren 19an izango da Udaberriko Hitzaldien hurrengo saioa, eta Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak eskainiko du.

Hiru urteko etenaren ostean, bueltan dira Gazte Geroak antolatutako Udaberriko Hitzaldiak, eta gaur, osteguna, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak eskaini du lehen solasaldia. Berdintasunaren bidean: zein puntutan? lelopean, berdintasuna izan du hizpide Landaidak, ibilbide luzea baitu arlo horretan. Hainbat herritar joan da Elkargunera haren solasaldia entzutera, eta harekin izan da mahaian Ana Azkoitia Azkoitiko EAJko kidea ere.

Udaberriko Hitzaldien hurrengo saioa Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak eskainiko du, eta Landaburu, belaunaldi baten baloreen isla goiburupean arituko da hizlaria maiatzaren 19an; Elkargunean izango da hitzaldia, 18:30ean. Arrietak, besteak beste, euskal abertzaletasuna, euskal erbestea, europartasuna eta komunikabideen historia jorratzen ditu.

Hitzaldi zikloko azken saioa, berriz, Kike Amonarrizek eskainiko du, ekainaren 16an. Euskararen bidegurutzetik izenburupean, euskararen egungo egoera izango du hizpide hark.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide