Tta-kun areto futbol taldeak eskura du mailaz igotzeko kanporaketan sartzea

Andoni Elduaien 2022ko mai. 6a, 09:00
Tta-kun taldeko kideak, Elkargunean. (Utzitako)

Puntu bat batzea nahikoa du Tta-kun areto futbol taldeak Ausa Zaldibiren aurka areto futboleko Gipuzkoako Lehen Mailarako igoera fasera sailkatzeko. Gaur, ostirala, Azkoitiko taldeak Elkarguneko kantxan jokatuko du 21:30etik aurrera.

2018-19 denboraldian mailaz igotzea lortu zuen Tta-kun areto futbol taldeak, Gipuzkoako Hirugarren Mailatik Bigarren Mailara jauzia eginda. Pandemia tarteko, ez zuten lehiatzerik izan gero, ezta entrenatzerik ere. Aurten, beste urrats bat egin nahi du taldeak gora, eta horretarako gaur du aukera. Ausa Zaldibiren aurka jokatuko dute 21:30ean Elkarguneko kantxan, eta puntu bat batzea nahikoa dute areto futboleko Gipuzkoako Lehen Mailarako igoera fasera sailkatzeko.

Patxi Bastarrika egungo entrenatzailearen arabera, denboraldi hasieran "guztia ikusteko" zuten. Taldekideak oso gertuko kideak diren arren, zailtasunez beteta hasi zuten sasoia. "Kuadrillako lagunok eta aurrez futbolean jokatu izan dugun kideok osatzen dugu Tta-kun; taldekide guztientzat ez esateagatik, lagun askorentzat berria zen areto futbola orduan. Areto futbola guztiz desberdina da futbolarekin alderatuta, nahiz eta batzuek kanpotik begiratuta bestela pentsatuko duten. Hori dela eta, asko kostatu zitzaigun urte hasieran. Halere, ederra da beti alboan ditugun lagunekin talde bat osatzea".

Zailtasunei aurre eginda, astez aste urratsak egiten joan da taldea, eta liga osoan partida gutxien galdu eta berdinketa gehien lortu dituen taldea da egun Tta-kun. Gainera, hamabost partida zeramatzan erreskan porrotik ikusi gabe, harik eta joan den asteburuan Eguzki Ventanas taldearen aurka 2 eta 1 galdu zuen arte.

Horrek guztiak sailkapeneko goiko postuetara eraman du Tta-kun, eta orain, igoeragatik borroka egiteko unea iritsi zaie. "Helburu nagusia ez da izan inoiz mailaz igotzea. Denboraldiaren amaierara igoerarako kanporaketetara sartzeko aukerekin iritsi nahi genuen, eta lortu dugu", azaldu du Bastarrikak. Nahi zutena lortu dute, beraz; izan ere, azken jardunaldian beraien gain dago kanporaketetan sartzea. "Astean zehar tentsioa nabaritzen ari gara. Taldea hazi egiten da ostiraletan, etxean eta jarraitzaileen aurrean jokatuta".

Igoera lortzeko aukerak

Sailkapeneko lehen lau taldek lortuko dute igoera faserako sailkatzea, eta horietako bik bakarrik lortuko dute Gipuzkoako Lehen Mailara igotzea. Ausa Zaldibiren aurka berdinduz gero, sailkapeneko laugarren postua ziurtatuko luke Tta-kun taldeak, eta irabaziz gero, gaur-gaurkoz hirugarrena den taldearen emaitzaren zain egon beharko luke; izan ere, Tta-kunek oraindik baditu aukerak hirugarren sailkatzeko. Ausa Zaldibiren aurka galduz gero, berriz, igoera faserako aukerarik gabe geldituko da.

Igoera kanporaketara sartzeko buru-belarri ari da lanean aste honetan herriko areto futbol taldea. Sailkatuz gero, sailkapeneko postuaren araberako aurkaria izango lukete azkoitiarrek datorren astean bertan. Urtea laugarren postuan amaitzen badute, sailkapeneko liderraren aurka jokatu beharko dute igoera kanporaketa, eta hirugarrenak badira, bigarren sailkatuaren aurka. Balizko kanporaketa bi partidetara jokatuko lukete –joanekoa eta itzulerakoa–,  eta Tta-kunek etxean jokatuko luke lehen norgehiagoka. Etxeko eta kanpoko emaitzak kontuan hartuta, lehen kanporaketa hori gainditzea nahikoa izango lukete azkoitiarrek Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko; izan ere, beste kanporaketako irabazleak ere mailaz igotzea lortuko luke, eta bi irabazleen artean liga txapelketa jokatuko lukete.

Txapelketako onenen artean aritzea lortu du Tta-kun taldeak, baita azken urteetan areto futbolak herrian izan duen apalaldia berpiztea ere. "Guretzat sekulakoa da inguruan sortu den giroa eta ilusioa sumatzea. Kanpoko partidetara ere beti etortzen dira zaleak gu animatzera; aparteko indarra ematen digu giro horrek. Gainera, dagoeneko Tta-kun ez da lagunarteko kontu bat. Kalean ere heldu eta haur askok galdetzen digute gure taldeari buruz". Gaur duten abanguneari aurre egiteko prest dira Tta-kun taldeko kideak, eta zaleen laguntzarekin igoera lortzeko lehen pausoa ematen ahaleginduko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide