Kultur ekintzaz beteta dator Maxixatzenen Maiatzeko Lorak

Ane Olaizola 2022ko mai. 3a, 14:34
Maiatzeko Lorak egitasmoaren barruan 2019an egin zuten bertso saioko irudi bat.

Ostiralean hasiko dira ekintzak, Julen Garateren 'Kantun kontuk' kontakizunarekin eta Txomin DJaren saioarekin. Datozen asteetan, berriz, Piztiak taldearen kontzertua eta bertso saioa izango dira. Hilaren 28an, Maxixatzen Egunarekin itxiko dute egitaraua.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Maiatzeko Lorak egitasmoa antolatu du seigarrenez, eta kultur ekintzez osatutako egitaraua prestatu du hilabete osorako. 

Ostiralean hasiko dituzte Maiatzeko Loraken barruko ekintzak, eta Julen Garate elkarteko kideak Kantun kontuk kontakizuna eskainiko du Laja jatetxean, 20:00tan hasita. Bertan, Garatek bere bizitzaren errepasoa egingo du hainbat abestiren bitartez.  Segidan, Txomin DJak 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako musika jarriko du. 

Hurrengo larunbatean, hilaren 14an, jarraituko du egitasmoak: 30. urteurrenaren harira XXX diskoa kaleratu berri duen Piztiak Azkoiti-Azpeitiko taldeak kontzertua eskainiko du Matadeixen, 19:00etatik aurrera. 

Hilaren 20an, berriz, bertso saioa eskainiko dute Andoni Egañak, Beñat Gaztelumendik, Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek, eta Juan Inazio Sudupek egingo ditu gai jartzaile lanak. Floreagako aretoan izango da saioa, 22:00etan hasita.

Maxixatzen Eguna, 28an

Azkenik, hilaren 28an Maxixatzen Eguna ospatuko du elkarteak. Izan ere, Maxixatzenek 25 urte bete zituen joan zen urtean, baina COVID19ak eragindako izurria tarteko, aurtengorako utzi zituen aurten mende laurdeneko ospakizunak; hori hala, 11:00etan Batzar Orokorra izango da Elkargunean, eta 12:30ean Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kantu kalejira egingo dute herrian zehar. Ondoren, elkarteko laguntzaileei eskerrak emateko bazkaria egingo dute Abaraxka jatetxean. 

Bazkideek lehentasuna­

Antolatzaileek adierazi dutenez, Piztiak taldearen eta bertso saioaren emanaldietarako sarrera doan izango dute elkarteko bazkideek. Era berean, lehentasuna izango dute txartelak eskuratzeko orduan; hain zuzen ere, bazkideek hilaren 18ko eguerdira artean eska ditzakete sarrerak, 675 85 71 11 telefono zenbakira deituta edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera mezua idatzita. Bazkide ez direnek, bost eurotan izango dute kontzerturako sarrera, eta 10 eurotan bertso saiokoarena. Haiek ere telefonoz deituta, korreo elektronikoa idatzita zein leihatilan eskuratu ahal izango dituzten bi emanaldietarako sarrerak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide