Lau kontzertu eskainiko dituzte maiatzean zehar, larunbatean hasiko den 30. Udaberriko Musikaldian

Anartz Izagirre 2022ko mai. 3a, 16:57
Daniela Garcia piano-jotzailea. (Utzitakoa)

Daniel Garcia piano-jotzaileak, Pablo Martin Caminero kontrabaxistak eta Gorka Hermosa akordeoilariak eskainiko dute Udaberriko Musikaldiaren aurtengo edizioko lehen kontzertua. 18:30ean izango da hitzordua Santa Kutzeko komentuan, eta doako autobus zerbitzua jarriko du udalak joan-etorrirako.

Maiatzarekin batera itzuliko da herrira Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duten Udaberriko Musikaldia, eta 30. edizio honetan lau kontzertu ikusteko zein entzuteko aukera izango da maiatzeko asteburuetan Santa Kutzeko komentuan. Lehen saioa zapatu honetan, hilak 7, izango da, 18:30ean hasita. Daniel Garcia piano-jotzailea, Pablo Martin Caminero kontrabaxista —musikari gonbidatu moduan— eta Gorka Hermosa akordeoilaria izango dira lehen kontzertua eskainiko duten hiru artistak.

Udalak azaldu duenez, jazz musikaren belaunaldi berriko "ahotsik originaletakoena" da Garciarena, eta hark jazz-flamenkoaren erreferenteetako bat den Martin Caminero kontrabaxista eta konpositorea izango du bidelagun oholtzan; Hermosa urretxuarra izango da hirukotea osatuko duena. Artista horiek Aleksander Borodin, John Williams, Giacomo Puccini edo Jesus Guridi konpositoreen lanak joko dituzte agertokian, beste hainbat piezaren artean.

Sonia Vazquez Azkoitiko Udalek Kultur zinegotziak azaldu duenez, "harro eta pozik" egotekoa da Santa Kutzeko komentuan "lehen mailako lau kontzertu" entzuteko aukera izatea: "Udaberriko Musikaldia musika maite dutenentzat oparia da. Espero dut, bihotzez, publikoak gozatzea eta hitzordu musikal honi leialtasunez eustea. Ikus-entzulerik gabe, ez litzateke horrelako ezer posible izango".

Beste hiru kontzertu

Zapatukoa, ordea, Udaberriko Musikaldiaren hasiera besterik ez da izango, datozen hiru asteetan kontzertu bana entzuteko aukera izango baita Santa Kutzeko komentuan. Maiatzaren 14an Arantza Ezenarro soprano donostiarra eta Borja Rubiños piano-jotzaile andoaindarra izango dira kontzertua eskainiko dutenak; maiatzaren 21ean Easo Abesbatza izango da oholtzara igoko den taldea, eta, azkenik, maiatzaren 28an, Pablo Sainz-Villegas gitarrista garaikideak Alma de guitarra española lana aurkeztuko du.

Udalak jakinarazi duenez, kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta denak 18:30ean hasiko dira. Gainera, doako autobus zerbitzua ezarriko dute Santa Kutz komentura joan-etorria egiteko; autobus hori 18:00etan aterako da Julio Urkixo kaleko autobus geralekutik, eta kontzertua amaitutakoan jaitsiko da herrira. Autobuserako izena ematea ez da beharrezkoa izango. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide