EH Bildurentzat "oso larria" da aurtengo udalekuak "murritzak" izatea

Andoni Elduaien 2022ko mai. 3a, 13:39

EH Bilduk diru lerro bat bideratzea eskatu dio Udal Gobernuari, "kontziliazioa ahalbidetu" asmoz, udan beharra izan dezaketen familiei zaintzaileak kontratatu ahal izateko. Udalaren kudeaketa "traketsa" eta "arduragabea" salatu ditu koalizio abertzaleak.

Aurten ez da Uztaila Jolasean udalekurik izango Azkoitian, Alai Batza aisialdi elkarteak ez baititu udaleku irekiak antolatuko. Azkoitiko EH Bilduk ohar bidez adierazi duenez, joan den martxoaren amaieran jakin zuten berria Aisialdi batzordean. Koalizioak azaldu duenez, udalak udalekuak esleipen publiko bidez bere zerbitzuetatik antolatzeko asmoa zuen, eta horretarako, aurrekontuetan partidak ere jarri zituen. "Azken unean jakin dugu ezingo direla herriko haur eta nerabe guztientzat udaleku batzuk antolatu, ez baitu astirik ematen Gazteria Zerbitzuko kontratua berritzeko".

EH Bilduk jakinarazi duenez, Gazteria Zerbitzuak antolatuko ditu aurten udalekuak. "Oso murritzak izango dira, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte, asteka eta adin tarteka banatuta. Beste hezitzailerik kontratatzeko aukerarik izango ez denez, behar bereziak dituen haurren bati plaza tokatzen bazaio, plaza kopurua are gehiago murriztuko da. Esan genezake udalekurik ez dela egongo Azkoitian dagoen haur eta gaztetxo kopuruarekin".

Gertaera "oso larria" iruditu zaio EH Bilduri. "Udalaren kudeaketa trakets eta arduragabe baten ondorioz, herriko haurrak, gaztetxoak eta beraien familiak izango dira kaltetuak. Udalekuak aukera paregabea dira herriko txikienen gozamenerako eta beraien heziketan sakontzeko. Aurten aukera hori ez dute izango Azkoitian". Koalizioarentzat udalekuak gaztetxoen egunerokoan jolaserako ez ezik, heziketarako ere "gune garrantzitsua" dira. "Besteekin harremandu, euskaraz jardun eta egunerokotasunetik kanpo lantzen diren gaitasunetan sakontzeko aukera izaten dute".

Koalizioak nabarmendu du udalekuak "kontziliaziorako lagungarriak" izaten direla, eta aurtengo udan "familia askok" arazoak izango dituztela. "Kasu askotan familiako kide helduenei lan karga handiagoa suposatuz, zaintza lan horien ardura hartzen dute. Udal Gobernuari eskatzen diogu presaz aztertu dezala gaia. Udalekuetarako aurreikusita zuten diruarekin, eta kontziliazioa ahalbidetzeko, beharra izan dezaketen familiei zaintzaileak kontratatu ahal izateko diru lerro bat bideratzea eskatzen diegu. Haurrak eta gaztetxoak, helduak bezala, herritar osoak dira, eta beraien eskubideak dituzte, tartean aisialdirako eskubidea". EH Bildurentzat garrantzitsua da "haurrak kontuan hartzea" eta "bigarren mailako herritar bezala ez tratatzea".

Era berean, azken urteetan udalekuak antolatu izan dituen Alai Batza aisialdi elkarteari eskerrak eman dizkio EH Bilduk. "Aitortza egin nahi genioke urte luzez herriko gaztetxoentzat antolatu dituen udalekuetan egin duen lan guztiagatik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide