Ostiral gauean ere itxi egingo dute Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea

Ane Olaizola 2022ko api. 28a, 16:28

Bereizteko hesien zati bat kentzeko lanekin jarraitzeko, hirugarren gauez itxiko du GI-631 errepidea Aldundiak, eta larunbateko 05:00etan zabalduko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea ostiralean ere itxi egingo dute. Erakundeak, hasiera batean, asteazken eta ostegun gauetan ixtea aurreikusten zuen, baina azkenean, bihar gauean ere itxi egingo dute, bereizteko hesien zati bat kentzeko lanekin jarraitzeko. Bihar, Aizpurutxo auzoan itxiko dute errepidea, 23:00etan, eta zapatuko 05:00etan zabalduko dute berriz.

Errepidea itxita dagoen bitartean, honako ibilbide hauek erabiltzea gomendatu du Aldundiak: GI-3750 Elosuan barrena, GI-2634 Azkaraten barrena eta GI-2635 Mandubian barrena. Era berean, gogoratu du Twitterreko kanal bat zabalik dagoela errepidearen egoera denbora errealean kontsultatzeko: @631_Aizpurutxo. Whatsapp talde bat ere sortuta dute, eta hara batu nahi duenak 672 69 05 64 telefonora deitu beharko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide