Bizitza fraidetzari eskainia

Ane Olaizola 2022ko mai. 14a, 10:00
Juan Luis Plazaola fraide azkoitiarra. (Argazkiak: utzitakoak)

Beneditar komunitateak ia ehun urteko ibilbidea egin du Estibalizko Santutegian, eta mende erdiz, Juan Luis Plazaola azkoitiarraren aterpe ere izan da. Hiru fraide bizi dira egun Arabako santutegi horretan, eta adinean aurrera egin dutela eta, hura uztea erabaki dute hirurek, "etxea handi" geratu zaielako.

Gasteiztik zortzi kilometrora dago Estibalizko Santutegia, Argandoña herrian. Muino malkartsu baten tontorrean, Arabako lautadaren erdian, ikus daiteke estilo erromanikoaren harribitxi den XI. mendeko monumentu sonatua. Monje beneditarrak izan dira haren zaindari 1923. urteaz geroztik, eta komunitate horrek uztear du ia mende oso batez etxe izan duena. Hango fraidetako bat da Juan Luis Plazaola azkoitiarra, eta hark ere Estibalizko santutegia agurtuko du aurki, 50 urtez bizileku izan ostean.

Beneditar azkoitiarrak bizitza osoa darama fraidetzari eskaintzen. Floreagan ikasketak eginda, 10 urte zituela fraide mutil egin zen Lazkaoko (Gipuzkoa) Santutegian. "Azkoitian, mertzenarioetan ikasi nuen, eta ikasketekin jarraitzeko asmoz joan nintzen Lazkaora. Bokazio aldetik ardura gehiago hartu nuen han; abitua hartu nuen", adierazi du Plazaolak. 25 urtera arte egon zen Lazkaon, eta handik, Estibalitzera lekualdatu zen. "Teologia ikasketak amaitzera etorri nintzen Estibalitzera, eta urtebete igaro zenean, Lazkaoko nagusiek bertan geratzea eskaini zidaten. Egia esan, ondo egokitu nintzen Estibalitzera, eta hemengo martxari helduz jarraitu nuen nire ibilbidea, santutegiaren zerbitzura".

 

10 urte zituela Lazkaoko Santutegira joan, eta han fraide mutil egin zen Plazaola

 

Arabako zaindaria da Estibalizko amabirjina, eta haren zerbitzura egon dira beneditarrak ia mende oso batez. "Arduraz eramaten dugu santutegiaren zerbitzua, eta etxeko bizimoduari dagokionez, gure arauak ditugu. Batez ere, eliz otoitza da gure egitekoa; egunean hiruzpalau ordu igarotzen ditugu errezoan, eta egiteko hori ondo daramagu hiruron artean". Egun santutegian bizi diren hiru fraideek "bizimodu lasaia" dute, eta zehazki, abestien zein organoaren ardura izan du azkoitiarrak. Komunitatearen bizimoduan, berriz, administratzaile lanetan aritu da. "Azken urteetan, berriz, mantenuko arduradun izan naiz".

Etxea, "handiegi"

Beneditarraren hitzetan, azken urteetan "apaldu" egin da Estibalizko giroa. Azkoitiarrak gogoratzen duenez, dozena bat fraide izango ziren hara bizitzera joan zenean. Egun, berriz, hiru besterik ez dira bizi han, hirurak adinean aurrera eginak. Izan ere, 75 urte ditu Plazaolak, eta hura da santutegiko gazteena; besteek 80 eta 90 urte dituzte. Fraideak jakitun dira hiru lagunek santutegi baten ardura izatea "gehiegizkoa" dela. Argi adierazi du azkoitiarrak: "Etxea handia da". Egoeraren aurrean, fraideek santutegia uztea erabaki dute.

Estibalizko Santutegia.

Azkoitiarraren esanetan, "aspalditik" zegoen kolokan Estibalitzen etorkizuna, baina orain hartu dute santutegia uzteko erabakia, fraideen lekuko faltak bultzatuta: "Jende berririk ez da sartu, eta etorri denak ez du iraun". Hark aitortu duenez, ez dute jakin santutegira "jendea erakartzen", eta azken urteetan "gero eta zailago" ikusi dute pertsona berriak etxean hartzea eta horiek heztea. "Ez genuen bokazio berriak hasteko girorik sortzen".

Azkoitiarraren hitzetan, Estibalizko fraideek duten adinagatik izan daiteke hori: "Gaur egun, Santo Domingo Siloskoaren [Burgos, Espainia] monasterioan badaude erlijiosoak; arabarrak, gainera. Haietako bat gurean egon zen bizitzen, baina ikusi zuen gu zaharregiak ginela eta ez zegoela bere adineko inor. 30 bat urte izango zituen fraideak, eta Silosko santutegira joatea erabaki zuen". Mende erdiz bizileku izan duen etxea uztea "zaila" bezain "mingarria" egingo zaio azkoitiarrari, baina jakin badaki ez dagoela beste erremediorik. Gainera, Estibalizko hiru fraideek berriro Lazkaon hartuko dute aterpe, eta hirurek ondo baino hobeto ezagutzen dute hango santutegia. "Lazkaon hazi ginen, eta gaztetako urte horiek garrantzi handia izaten dute. Guztiok ezagutzen dugu han elkar, gutxienez ur tero elkartu izan baikara hamaika gauza egiteko. Orain gertuago ibiliko gara, besterik ez".

 

"Azken urteetan santutegira ez da jende berria sartu, eta etorri denak ez du iraun"

 

Azkoitiarrak jakin badaki Estibalizko santutegian bizi duten egoera "orokorra" dela eta lekuko falta kongregazio guztietan bizi dutela. Gainera, monasterio baten bizitzen hastea "aldaketa handia" dela azpimarratu du. Santutegi batzuek, ordea, "bere horretan" eusten diotela ere berretsi du erlijiosoak, eta Santo Domingo Siloskoa zein Leirekoa (Nafarroa) jarri ditu adibidetzat: "Egia da egoera ez dela duela 40 ur teko bera, baina gogor daude biak". Santutegiena ez ezik, Azkoitiko komentuen egoera ere ezagutzen du Plazaolak, eta ikusi du horien ateak ixten joan direla azken urteetan. "Aurrenik karmelitak izan ziren, eta gero klaratarrak. Santa Kutzeko komentua ere itxita egon da, baina Brigitak itzuli direla jakin dut". Sor terriarekin duen harremanaz galdetuta, berriz, izurria hasi baino lehen herria ur tero bisitatzen zuela esan du, eta senideekin igarotzen zituela oporrak. Dena den, pandemiaren eraginez, azken bi ur teetan "apenas" izan da Azkoitian.

Santutegian bizi diren fraideak. Ezkerrean, Plazaola.

Etorkizuna airean

Estibalizko bizilagunek udazken aldera espero dute etxea uztea, baina oraingoz, ez dute epe mugarik. Dena den, zehaztuta dute agurreko ospakizunaren noiz izango den: irailaren 12an, Estibalizko amabirjinaren egunean. "Azken boladan jendea oso adeitsu azaldu da gurekin; gu santutegitik joatea beraientzat ere zaila izango dela adierazi digu". Izan ere, Euskal Herrian ezaguna da Estibalizko santutegia, eta haren ondare erlijiosoak zein artistikoak bultzatuta, asko dira hura bisitatzera joaten direnak. "Behin baino gehiagotan entzun izan dugu Euskal Herriko eraikin erromaniko ederrenetarikoa dela".

Beneditarrek santutegia uzten dutenean eraikinarekin zer gertatuko den ez dakite oraindik, baina baikor da Plazaola. "Ondare erromanikoa lantzen duen Erdi Aroko Araba izeneko talde bat badago. Arte erromanikoaren edertasuna zein ezaugarriak ezagutarazteko lan handia ari da egiten". Ibilbidea amaituta, beneditarrek beren egitekoa bete dutela uste du azkoitiarrak, eta santutegiaren gaineko zaintza nork edo nork hartuko duen fedea du; izan ere, hori horrela izanda, azken urteetan itzaltzen joan zaion bizitza berreskuratuko du mende erdiz estalpe izan duen etxeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide