Manex Ansorregi: "Iraurgin etxean bezala sentitzen naiz"

Andoni Elduaien 2022ko mai. 13a, 09:00
Manex Ansorregi. (Argazkiak: Andoni Elduaien eta utzitakoak)

Juaristi ISB taldeko saskibaloi jokalaria da Manex Ansorregi (Azkoitia, 2002). Bigarren urtea du Iraurgiko gizonen lehen taldean, baina, dagoeneko, taldearen zutabe nagusienetako bat bihurtu da azkoitiarra. Urrezko LEB Ligari eusteko borrokaren gakoak zein izango diren azaldu du Ansorregik.

Urrezko LEB Ligan jarraitu ahal izateko borrokan ari zarete. Uste bezala al doa denboraldia?

Gure borroka mailari eustea izan da denboraldiaren hasieratik. Urrezko LEB Ligara igo ginen bi taldeak sailkapeneko azken bi postuetarako hautagaiak ginela uste zuten askok, baina, oraingoz, ez da horrela. Mailari eusteko lehian bete-betean sartuta gaude. Gutxi falta da denboraldia amaitzeko, eta ea helburua lortzeko gai garen. Hori horrela izan dadin, borroka egingo dugu.

Zure ibilbidearen hastapenetara joz, zerk bultzatu zintuen saskibaloira?

Ez nintzen askok uste duten bezain goiz hasi saskibaloian jokatzen. 12 edo 13 urte nituela hasi nintzen Iraurgi saskibaloi taldean. Nire lagun onenek saskibaloian jokatzen zuten ordurako, eta probatzeko asmoz eman nuen taldean izena. Gehienbat, lagunekin jokatzearren hasi nintzen ISBn. Aurrez, pilotan eta futbolean jokatzen nuen, baina kirol horietako bat utzi beharra egokitu zitzaidan. Futbola eta saskibaloia uztartu nituen gero, baina, azkenean, saskibaloiaren aldeko hautua egin nuen. Ez nengoen oso ziur, baina lagunek saskibaloia hautatu zutenez, nik ere horrela egitea erabaki nuen. Azkenean, nire gustuko kirola bihurtu da saskibaloia. Koskaz koska gora egin duzu urte gutxiren buruan.

Zer-nolako balioa ematen diozu horri?

Duela bi urte egin nuen debuta ISBren lehen taldearekin. Junior mailako jokalaria nintzen artean, baina lehen taldeko jokalari bat min hartuta zegoela eta, dei bat jaso nuen. Hasiera batean, entrenamenduetan laguntzera joaten nintzen, baita etxetik kanpoko zenbait partidatara ere. Lehen taldean sartu, ordea, iaz sartu nintzen. Kantxan gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Lehen taldeko kidea izateko aukera eman didate, eta zorionez, ondo egin ditut lanak. Horregatik guztiagatik, gustura nago orain.

Nolakoa ari da izaten zure saskibaloi ibilbidea?

Joan zen urtera arte, lagunekin jokatzen nuen saskibaloian. Iaz, berriz, atzerrikoak ziren eta ezagutzen ez nituen jokalariekin hasi nintzen jokatzen. Hori dela eta, lagun gehiago egiteko aukera izan dut. Orain, esaterako, azpeitiar batzuk ere baditut taldean, eta oso harreman ona egin dut horiekin; kuadrillakoak bezala dira niretzat. Ederra da pertsona horiek guztiak taldean izatea. Bestalde, lehen taldeko kide naizenetik, zortea ere izan dut: batetik, Zilarrezko LEB Ligako kopa irabazi genuelako; eta bestetik, Urrezko LEB Ligara igotzea lortu genuelako. Oraingoz, une onak besterik ez ditut bizi izan saskibaloian.

Gogoan al duzu lehen taldearekin lortu zenuen aurreneko saskiratzea?

Gogoan dut, bai. Juaristi ISBk Circulo Gijon taldearen aurka zuen Zilarrezko LEB Ligako partida Azpeitiko kiroldegian, eta neurketa hura baino lehen, junior mailako taldearekin izan nuen entrenamendua. Taldeari laguntzera joan nintzen partida hartara, baina ez nuen uste jokatuko nuenik. Bi taldeen markagailuko aldea, ordea, handia zen, eta jokatzeko aukera izan nuen. Azkenengo bost minutu inguru jokatu nituen, eta orduan lortu nuen lehen saskiratzea. Ondo gogoan dut saskiratze hura, arrastoa utzi du nigan.

Etxean eta kasik maila gorenean kirola egiteko aukera duzu. Nola sentitzen zara ISBn?

Iraurgin etxean bezala sentitzen naiz; ia bizitza guztia daramat talde horretan jokatzen. Taldekide eta klubean lan egiten duten pertsona asko txiki-txikitatik ezagutzen ditut, eta horregatik, bertan nago ondoen. Gainera, saskibaloian etxetik, familiarengandik nahiz lagunengandik gertu jokatzeko aukera dut.

Saskibaloian, bereziki, badago atzerriko egonaldiak baliatzeko joera. Inoiz pentsatu al duzu horretan?

Egia esan, ez dut inoiz horretan pentsatu. Egunen batean aukera iristen bada, pentsatuko dut, baina, orain eroso sentitzen naiz etxean, aurrez esan ditudan arrazoi horiegatik. Ibilbide berri baten hasierako urteetan zauden murgilduta.

 

"Ahalik eta goren iristea gustatuko litzaidake; horretan ahalegindu nahi dut"

 

Ba al duzu saskibaloian lortu nahiko zenukeen erronkarik?

Ez dut helburu finkorik zehaztuta. Ahalik eta maila onena erakustea da nire helburua. Modu horretan, ahalik eta goren iristea gustatuko litzaidake; horretan ahalegindu nahi dut.

Zer da saskibaloia zuretzat?

Bizitzako zatirik garrantzitsuenetako bat da, garrantzitsuena ez esateagatik. Egun osoa igarotzen dut saskibaloiari lotuta: goizean ez bada, arratsaldean entrenamendua izaten dugu, eta bestela, arlo fisikoa landu behar izaten dugu. Horri bidaiak erantsiz gero, aste osoa igarotzen dugu saskibaloiaren bueltan.

Kirola egiteko moduak aldatuz doaz urtez urte. Kantxako entrenamenduek adinako garrantzia dute handik kanpoko saioek, ezta?

Sakrifizio handiko kirola da saskibaloia. Gimnasioan ordu asko igaro behar izaten ditugu, baita aurkaria aztertzen ere; izan ere, bideoetan ikusten dugu aurrean izan ditzakegun jokalariek nola jokatzen duten. Kantxara joan eta han entrenatzeaz gain, gauza asko egin behar izaten ditugu partidarako behar bezala prestatzeko. Dirudiena baino denbora gehiago eskaintzen diogu saskibaloiari, baina gustura egiten dugun zerbait da, eta hori da garrantzitsuena.

Une bikainak bizitzeko aukera izan duzu denbora gutxian. Zein izan da bereziena?

Zilarrezko LEB Liga irabaztea izan da bereziena. Ikusten genuen horretarako aukera izan genezakeela, baina ez genuen inondik inora espero. Ligaren hasieran, garaipen ugari lortu genituen eta sailkapeneko goiko postuetan kokatu ginen. Finalean, Bartzelonaren bigarren taldea izan genuen aurkari, sekulako taldea. Azpeitian joaneko partida irabazita baina tentuz iritsi ginen itzulerako partidara, eta han ere irabazteko gai izan ginen. Orduko egoera zela eta, ez genuen txapelketa behar bezala ospatzeko aukerarik izan, baina gustura gelditu ginen lortutakoarekin.

Ansorregi, Movistar Estudiantes taldearen aurka, Madrilen.

Nola deskribatuko zenuke zure burua saskibaloi jokalari bezala?

Intentsitate handiarekin jokatzen duen jokalaria naizela esango nuke. Taldeari ahal dudan guztian laguntzen saiatzen naiz, hori baita nire helburua. Nik ez dut taldeko izarra izaterik nahi; taldeari nahiz albokoari ahalik eta gehien lagundu eta egin behar diren lan guztiak egin nahi ditut. Finean, taldeko jokalaria izatea da nire nahia.

Erasoa edo defentsa duzu nahiago?

Agian ez dute jokalari askok esango, baina pertsonalki, nahiago dut defentsa. Erasorako aukerak izateko, defentsako lana egin behar da lehenik. Niretzat ez da sakrifizioa defentsa lana egitea.

 

"Erasoan aukerak izateko, lehenik eta behin defentsako lana egin behar da"

 

Taldeko jokalari gazteenetako bat zara. Aholku asko entzutea egokitzen al zaizu?

Talde gaztea gara, baina esperientzia duten jokalariak ere baditugu; Ibon Guridi, esaterako. Jokalariak beti daude laguntzeko prest, eta garrantzitsua da horiei kasu egitea. Guretzat berria da Urrezko LEB Liga, baina Ibon-eta jokatuta daude aurrez, eta batzuetan haiek esaten digute zer egin behar dugun. Esker tzekoa da gurekin duten jarrera.

Zein izan da gehien sufriarazi dizun aurkaria edo taldea?

Ez nuke jakingo bat esaten, baina beharbada, taldekideren batek. Orain min hartuta dago taldekide hori, baina hura defendatzea zaila egiten zitzaidan. Errebote guztiak kentzen zizkidan, eta gogor jokatzen zuen nire aurrean. Hari esker asko ikasi nuela esan dezaket, eta orain gogorragoa naizela kantxaren barruan.

Urrezko LEB Ligako jokalari onena izendatu zintuzten 20. jardunaldian.

Etxetik kanpo irabazi genuen lehen partidan, jardunaldiko jokalari nabarmenen artean sartu ninduten. Zorionez, partida ona egin nuen orduko hartan. Niretzat garrantzitsua izan zen izendapena; batetik gaztea naizelako, eta, bestetik, aurkari on baten aurkako partida izan zelako. Maila horretan eta jokalari onen ar tean jokatzeko gai naizela ikusi nuen, eta neure buruarekiko konfiantza irabazteko ere balio izan zidan.

Bigarren mailako txapelketa da zuena, baina bigarren mailakoa izanagatik, maila handikoa da, ezta?

Lehen mailan aritutako jokalari asko daude Urrezko LEB Ligan. Talde onak ere badira, Movistar Estudiantes, esaterako. Lehen mailan aritu izan da urte luzez, eta gainera, onenen artean ibili da. Marc Gasolek ere NBAn jokatu du urteetan, baina orain gure mailan dago. Goi mailatik iritsitako jokalariei eta taldeei esker, izen ona hartu du Urrezko LEB Ligak. Horrek guztiak berarekin dakar txapelketa jende gehiagok ikustea.

 

"Goi mailatik iritsitako jokalariekin eta taldeekin, ligak izen ona hartu du"

 

Aldagelan munduko punta desberdinetako jokalariak zaudete. Giroa sortu beharko duzue urtero...

Denboraldiko lehen egunetan, atzerritik etorritako jokalariak ezagutu egin behar izaten ditugu. Taldekide izan ditudan mutilak jatorrak dira, eta beti egon dira laguntzeko prest. Atzerritik etortzen diren kideei laguntzen ahalegintzen gara etxeko hiru jokalariok, etorrera ahalik eta erosoena izan dadin haientzat. Ahalegintzen gara guztiak etxean bezala sentiarazten.

Mailari eusteko borroka egitea da zuen aurtengo zeregina. Zein izango da Urrezko LEB Ligan jarraitu ahal izateko gakoa?

Garrantzitsua izango da aurkari zuzenei irabaztea, baina are garrantzitsuagoa taldea bat eginda egotea. Alboko lagunarekin konfiantza eta gure artean harreman ona baldin baditugu, nabaritu egiten da jokatzerakoan. Iaz ere guztiok bat eginda egon ginen, eta gauza politak lortu genituen. Aurten ere hori izango da mailari eutsi ahal izateko sekretua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide