Azkoitiarren doinuak

Julene Iturberen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko api. 27a, 09:00
Julene Iturbe bertsolaria. (Utzitakoa)

Julene Iturbe Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolaria da Azkoitiarren doinuak serieko hamahirugarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Ametsen eraiste neurtua (Anari): "Hau eta Anariren beste hamaika kanta aukera nitzake; izugarri gustatzen zait artista azkoitiarra. Kantaera berezia du, estilo bereizgarria, badu barren-barreneraino sartzen den zera hori, eta letraz, zer esan… Aspaldi liluratu ninduen kanpoko mundura (eta ez hain kanpokora) zein norbere barrura begiratzeko duen moduak. Horri guztiari hitza jartzea bera izugarria iruditzen zaidan arren, zer hori nola esaten duen ere ikaragarri maite dut. Kanta honek askotan ahazten ditugun edota ahaztera garamatzaten gerrez dihardu, norbere baitan ditugunez, eta sarri bihurtu izan zait pausagune bat hartzeko talaia ere".

  • Biziraun (Berri Txarrak): "Nire artista kuttunenez mintzo, Anarirekin batera Berri Txarrak taldea ere ezingo nuke aipatzeke utzi. Honezkero, idatzi dituzte taldearen musika eta maila goraipatzen duten hamaika adjektibo dotore, uste dut sobera ezagutzen ditugula, baina ni ere, Euskal Herri erdia bezala, harrapatuta naukate. Ezinezkoa zait taldearen kantarik gustokoena aukeratzea, baina kuttunena hau izan liteke agian; gogora dakarzkidan momentu guztiengatik aukeratu dut, xarma berezia du niretzat. Hamaika parranda gautan ohikatu dugu Biziraun-en letra, hamaika tabernatan eskatu kanta, eta oraindik ere, “ezagutzen ez dudan…” entzuten dudanetan, urtebetean kanta entzuteke banengo bezala abesten dut. Inoiz nazkatuko ez naizen abesti horietako bat da".

  • Hotza (2zio): "2zio izango da ziurrenik rap-arekin daukadan erreferentzia eta lotura bakarrenetarikoa, rap-a ez baitut gehiegi entzuten normalean. Halere, talde honek entzun orduko liluratu ninduen. Hitzaren formaz eta molde horren hertsian itzulipurdiak egiteko duten gaitasunaz gaindi, pisu handiko mezuak dakartzate, asko esaten dute; eta esateko modua ere izugarri miresten dut, oso erraz sartzen den musika da. Hotza izan zen ezagutu nuen 2zioren lehen kanta, eta ordutik beste kantarik entzun izan dudan arren, hauxe dut maiteena".

  • Zintzilik (Olatz Salvador): "Olatz Salvadorren ahotsa ere sarri bilakatu izan da nire logelako egonaldien soinu-banda. Bere musika, kantua, esateko dakarrena… Oilo-ipurdia jartzen duen abeslari horietakoa da, gainera. Bi diskak goitik behera entzun ditut, behin eta berriz; ez naiz nazkatzen, eta ez naiz nazkatuko. Musika goxoa da, baina badauka indarra, ausarta da, eta izugarri gustatzen zait hori. Kanta kuttunenari dagokionean, kanta honek zintzilik nauka zuzenekoan entzun nuenetik, lehen ere izugarri gustatzen zitzaidan arren".

  • Deabrua (Eskean Kristö): "Lagun baten bidez ezagutu nuen kanta hau, baita taldea ere, eta entzun orduko maitemindu ninduen (beti izan naiz balada rockeroen zalea). Ez dakit asmatuko nukeen egoki azaltzen zergatik gustatzen zaidan; kanta izugarria iruditzen zait, eta hausteko duen moduak ere berezi egiten du era berean. Horrez gain, letraren eta mezuaren egia da gustatzen zaidana. Gitarra hartzen dudanean, abesti honen punteoa izaten da beti lehenengo ateratzen zaidana".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide