Gaur iritsiko da Korrika Azkoitira

Ihintza Elustondo - Andoni Elduaien 2022ko api. 7a, 11:33
Eskualdeko ordutegiarekin osatutako mapa.

Gaur eguerdi partean iritsiko da euskararen aldeko egitasmoa Azkoitira, Hitzekin lelopean. Korrika Txikia, berriz, atzo egin zuten, 16:00etan hasita. Zuzenean jarraitu ahal izango da 22. Korrika Maxixatzenen webgunean.

Joan zen ostegunean hasi zen Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Azkoitira iristear da euskararen aldarria lau haizetara zabaltzen ari den egitasmoa. Gaur eguerdi partean zapalduko ditu Korrikak Azkoitiko lurrak; hain zuzen ere, 14:07 aldean iritsiko da Munategira Korrika, Azpeitia aldetik.

Munategitik San Jose egoitza aldera joango da Korrika, eta handik herrigunera bideratuko da, Julio Urkixotik barrena. Herriko kaleak gurutzatu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak, baina Ipintza auzotik aurrerako bidea bidegorritik egingo du, Aizpurutxo inguruan egiten ari diren lanak medio. Hala, 15:15 aldean utziko du Korrikak herria; herriko bidegorri zatiko azken zubiaren amaieran osatuko dute Azkoitiko AEK-ko kideek Azkoitiko azken kilometro zatia.

Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –tartean Maxixatzenen–, Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Azkoitira iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai haren zuzeneko bideoa Maxixatzenen, ETBren seinaleari esker.

Korrika Txikia, atzo

Korrika Txikia, berriz, atzo arratsaldean egin zuten herriko ikastetxeek. 16:00etan hasi zuten euskararen aldeko egitasmoa Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleek. Parte hartzaileak Aizkibel kaletik eliz atari aldera abiatu ziren maldan behera, eta segidan, Plazaberri eta Balda zeharkatu zituzten; handik Klara Donea kalera zuzendu ziren.

Klara Donea kaletik Auzmendi Bidea kalerako errepidea hartu zuen Korrika Txikiak, Xabier Munibe haurreskola paretik igarota. Kale osoa zeharkatu ondoren, Auzmendi Bidea kalea, Estrada kalea eta Zuazola kalea lotzen dituen biribilgunera iritsi ziren. Han amaitu zuten ibilbidea Bizilore Eskola Aktiboko ikasleek, Estrada kaletik Balda plaza aldera zuzendu baitziren. Xabier Munibe Ikastolako haurrek Haur Hezkuntzako eraikinaren parean egin zuten azken zatia, eta Floreaga Ikastetxekoek haien eskolarako sarreran. Korrika Txikiko mezua eskola bakoitzean irakurri zuten.

Kilometroz kilometro

Honako hau da kilometroz kilometro 22. Korrikaren lekukoa eramango duten Azkoitiko eragileen zerrenda:

  • 14:07ean, Munategi parean: Azkoitia BHI (2080-1)
  • 14:09ean, Balentziaga baserrirako bidegurutzean: Izarraitz Lanbide Heziketa (2080-2)
  • 14:11ean, San Jose egoitzako aparkalekuan: San Jose egoitza (2081-1)
  • 14:13ean, Ugarteigaran igerileku parean: Um Blem Ble tabernarien elkartea (2081-2)
  • 14:15ean, Telepizza parean: Muxuxo (2082-1)
  • 14:16ean, Intsausti jauregiko bidegurutzean: Basokerrak (2082-2)
  • 14:17ean, Arkupe tabernaren parean: Ieuuu!! (2082-3)
  • 14:18ean, Balda plazan: Floreaga Ikastetxea (2083-1)
  • 14:18ean, Alameda taberna zenaren parean: Maxixatzen (2083-2)
  • 14:19ean, eliz atarian: Ama Madalen (2083-3)
  • 14:20ean, herriko plazan: Xabier Munibe Ikastola (2084-1)
  • 14:20ean, Arrospide Oinetakoak parean: Herrixen merkatari elkartea (2084-2)
  • 14:21ean, Ñam Ñam dendaren parean: Herrixen merkatari elkartea (2084-3)
  • 14:21ean, anbulatorioko zubiaren parean: Alai Batza (2085-1)
  • 14:23ean, Suharri pizzeria parean: C.D. Anaitasuna (2085-2)
  • 14:25ean, Altzibar etorbideko biribilgunean: Bizilore Eskola Aktiboa (2086-1)
  • 14:27ean, Etxeza taberna parean: Etxezako lagunak (2086-2)
  • 14:30ean, Ipintza auzorako bidegurutzean: Erniarraitz bertsozale elkartea (2087-1)
  • 14:33ean, tartea zehaztu gabe: Iraurgi abesbatza (2087-2)
  • 14:36ean, Hierros Azkoitia parean: Bulego musika taldea (2088-1)
  • 14:40ean, tartea zehaztu gabe: Azkoitiko Udala (2088-2)
  • 14:43ean, bidegorriko bigarren zubiaren parean: Txintxarri Lokala (2089-1)
  • 14:46ean, tartea zehaztu gabe: Umore Ona elkartea (2089-2)
  • 14:48ean, bidegorriko lehen tunelaren amaieran: Azkoitri triatloi kluba (2090)
  • 14:51-14:54 artean, Igaran parean: Anaitasuna mendi bazkuna (2091)
  • 15:03ean, Azkoitiko azken tunelaren amaieran: Pitxilorak (2092-1)
  • 15:07ean, Azkoitiko azken zubiaren amaieran: Azkoitiko AEK (2092-2)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide