Errepidean "ordezkorik ez" dutela azaldu diete gazteei 'Don't be Dummy' programaren barruko saioan

Anartz Izagirre 2022ko api. 5a, 14:30

Bide-hezkuntzako saioa jaso dute gaur Azkoitia BHIko 300 ikasle inguruk. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako trafiko istripuen gaineko hainbat datu jasotzeaz gain, istripuetako protagonista izan diren lagunen zein ezbeharrak artatzen dituzten langileen lekukotzak entzun ahal izan dituzte saioan.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak martxan du ikasleei bideratutako Don't be Dummy/Zuk ez duzu ordezkorik deituriko programa, eta gaur, asteartea, ekimen horren barruko saioa jaso dute Azkoitia BHIko 300 ikasle inguruk Baztartxon. Programa horren helburua da bide segurtasunean, gidatze arduratsuan eta zirkulazioko istripuen prebentzioan gazteak sentsibilizatzea, eta Dummy pertsonaia da programaren ardatza. Azkoitiko ikasleek bideoz zein aurrez aurre jaso dituzte era batean edo bestean istripuetako protagonista izan diren herritarren lekukotzak.

Hasteko, Mertxe del Sol Azkoitiko udaltzainak beren egitekoaren berri eman die Baztartxora joan diren ikasleei. Hark nabarmendu duenez, dagoeneko 22 urte daramatza udaltzain lanetan, eta, ordutik, errepidean hainbat kontu behin eta berriro errepikatzen direla nabarmendu du. Bere ibilbidean zehar gertaturiko ezbehar baten berri eman du udaltzainak, duela hamabi urte Azkoitian bertan gertaturikoa, hain justu. Azaldu duenez, Urtezahar gau batean "oso edanda" zegoen pertsona bat kontrako norabidetik sartu zen autoz Batzoki parean, eta "nekez" hitz egiteko gai zen. "Gu aurretik gindoazen eta hura geldiarazten saiatu ginen. Edanda gidatzen zoazenean erreflexuak asko murrizten dira, eta edozer gerta daiteke halakoetan". Hitzartzearen amaieran udaltzainak azaldu du "denon esku" dagoela bide-segurtasuna, eta istripuak ekidin daitezkeela. "Oso tristea irudituko litzaidake zuetariko bat hurrengo urtean programa honetako protagonista izatea", gaineratu du.

Bestalde, Roberto Martija Azkoitiko suhiltzaileak ere bere esperientziaren berri eman du Baztartxon. Auto istripu askotako protagonistek bizkarrezurrean eta lepo-hezurrean "lesio larriak" izan ohi dituztela jakinarazi du Martijak, eta horiek saihesteko zer pauso jarraitzen dituzten jakinarazi die ikasleei. Horrez gain, duela gutxi 17 urteko lau gazteri gertatuko kasu bat plazaratu du suhiltzaileak: "Gazte bati bururatu zitzaion aitari autoa hartu eta bere lagunekin poligonora joatea, eta kamioi baten aurka jo zuten. Gidaria eta bi lagun ondo atera ziren istriputik, baina kopilotua harrapatuta gelditu zen, eta oso larri egon zen". Ildo horretatik, bizitza aldatzeko "segundo bat nahikoa" dela nabarmendu du Martijak, eta gidatzerakoan segurtasun neurriak hartzeko eskatu die ikasleei.

Bigarren aukerarik ez

Baztartxoko saioan izan den hirugarren aurrez aurreko testigantza Alaitz Arbillarena izan da. Bizkarrezur-muineko lesioa du Arbillak; izan ere, 4 urte zituela auto istripua izan zuen amarekin eskolara zihoala. Kamioi baten aurka jo zuten Arbillak eta bere amak: "Autoaren atzealdean nindoan segurtasun uhalik eta haurrentzako aulkirik gabe, lehen ez baitzegoen halakorik. Ama zigarro bat hartzen hasi zen, eta konturatu ginenerako kamioi baten aurka jo genuen".

Ezbehar harengatik bizitza "betirako" aldatu zitzaiola nabarmendu du egun gurpildun aulkian dagoen emakumeak, eta haurra zenean "oso gaizki" pasatzen zuela eskolan: "Etxera iritsi eta amari sekulako astakeriak esaten nizkion, bere erruagatik nengoela horrela. Orain izugarri damutzen naiz esandakoekin". Ikasleei helarazi nahi izan dien gogoeta honakoa da: "Gaur egun denok jakin beharko genuke istripu batean kolpe bat egon bada, pertsonak ez badu konortea galdu eta arnasa hartzen ari bada, anbulantzia etorri arte zain egon behar dugula; haiek jakingo dute gauzak nola egin behar diren". Izan ere, Arbillak istripua izan zuenean bikote batek lepoan hartu zuen, eta halako ekintzak arriskutsuak izan daitezkeela nabarmendu du, nahiz eta bere kasuan ez dakien ekintza horrek zerikusirik izan al zuen bere lesioarekin. Despisteak errepidean "oso garesti" ordaintzen direla esanez amaitu du Arbillak bere hitzartzea, eta ikasleei gogorarazi die errepidean ez dagoela "bigarren aukerarik".

Azkoitiko datuak

Gaurko saioan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein Azkoitiko zenbait datu ere eman dituzte. 2021ean, esaterako, 25 urtez azpiko 2.636 gazte egon ziren istripu batean nahastuta hiru lurraldeetan. Herriko datuei dagokienez, berriz, Azkoitiko Udaltzaingoak herri barruan 30 istripu artatu zituen iaz, eta Ertzaintzak beste 28 istripu. Segurtasun Sailak "hiru hiltzaile" nabarmendu ditu: abiadura handia, alkohola zein drogak eta distrakzioa. Eman dituzten datuen arabera, gazteen %43k Whatsapp aplikazioa erabiltzen dute gidatzerakoan, eta, horrek, %23 igotzen du istripu arriskua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide