EGI Eguna ospatuko dute larunbatean Azkoitian

Andoni Elduaien 2022ko api. 5a, 09:39
Andoni Ortuzarrek eguerdiko ekitaldi politikoan parte hartuko du. (EAJ)

Herriko plazan ekitaldi politikoa egingo dute eguerdian. Andoni Ortuzarrek eta Ana Azkoitia zein Amaia Larrañaga azkoitiarrek parte hartuko dute ekitaldian. Bazkaldu aurretik eta ondoren musikak girotuko du eguna.

Datorren larunbatean, apirilak 9, EAJren gaztediaren eguna, EGI Eguna, ospatuko dute Azkoitian. Berriro elkarrekin! lelopean elkartuko dira Euzko Gaztedi-EGIko gazteak, eta festa giroan igaroko dute eguna; izan ere, eguerditik iluntzera bitarteko egitaraua prestatu dute.

Hain zuzen, 12:00etan, ekitaldi politikoa egingo dute herriko plaza nagusian. Ekitaldian parte hartuko dute Amaia Larrañaga Aberri Kontseiluko ordezkari azkoitiarrak, Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta 2023an ospatuko diren udal hauteskundeetarako Azkoitiko EAJren alkategaia izango den Ana Azkoitiak.

Ekitaldi politikoaren ondoren, 13:00etan, trikipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar, eta ondoren, bazkaria. Bazkalostean ere, festa giroan igaroko dute eguna. Euzko Gaztedi-EGIk, "mugimendu politiko euzkotar abertzale, euskaldun, independentista eta humanistak", estatu propioa aldarrikatzeko erabiliko du EGI Eguna, "gazteek babesten eta sustatzen dituzten baloreekin" batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide