Mireia Galarza: "Aurretik zuzeneko pare bat eginda nagoen arren, atzokoa beste zerbait izan zen"

Julene Frantzesena 2022ko api. 1a, 16:07
Mireia Galarza atzoko zuzenekoan.

Atzo Amurrion (Araba) hasi zen 22. Korrika, eta hasierako ekitaldiaren zuzeneko telebista saioa eskaini zuten hainbat euskal hedabidek; tartean, Urolako Komunikazio Taldeak. Kazetari lanetan aritu zen Amurrioko plazan Mireia Galarza (Azpeitia, 1998), eta atzo bizitako esperientziaz hitz egin du.

Nolako esperientzia izan zen atzo Amurrion bizitakoa?

Oso esperientzia polita izan zen, berria. Aurretik zuzeneko pare bat eginda nagoen arren, atzokoa beste zerbait izan zen. Kazetari eta gonbidatu asko geunden bertan, eta antolaketa handia behar da guztia ondo ateratzeko.

Zer sentitu zenuen Korrikaren hasiera bertatik bertara ikustean?

Korrika irten zenerako, erreportariok amaituta genituen zuzeneko konexioak, eta aukera izan genuen zuzen-zuzenean ikusteko. Hasieran ez nuen jende askorik ikusi Amurrioko plazan, baina Korrika hasi zenean harritu egin nintzen, jende pila bat hasi baitzen lasterka. Lekukoa zeramatenak ere hunkituta zeuden, ia-ia negarrez esango nuke, eta horrek hunkitu egin ninduen.

Aurretik izanda al zeunden Korrikaren hasieran?

Ez, ez nuen horretarako aukerarik izan orain arte. Hemendik aurrera, lanean izan edo aisialdian izan, gehiagotan egotea espero dut.

Euskarazko hedabideek elkarlanean egindako saioa izan zen. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Gai hori da benetan azpimarratu nahi dudana. Azken finean, horrelako saioek balio dute hedabide nazionalez gain, tokiko komunikabideetan lan egiten dugunok existitzen garela aldarrikatzeko. Horretaz gain, kazetaritzan lan egiten duten lankideak ezagutzea ere aberasgarria da oso.

Nola sentitu zinen lan egiterakoan? Zer-nolakoa izan zen taldean aritzea?

Oso azkarra izan zen guztia. Niri elkarrizketa luzeak egitea gustatzen zait, baina atzo ez zegoen horretarako denborarik. Pare bat galdera egin, eta pinganillotik mozteko esaten ziguten. Hala ere, oso gustura sentitu nintzen, lasai.

Euskararen aldeko halako egitasmo baten zuzeneko saioan parte hartzeak zer esan nahi du zuretzat?

Uste dut euskal komunikabideotan lan egiten dugunok badakigula gurea ez dela lan soil bat bakarrik, nolabait esatearren. Eguneroko lanean euskara normalizatzen segitzea da helburua, eta atzokoa pauso bat gehiago izan zen bide horretan. Nire parte hartzea ez zen sekulakoa izan, baina bide horretan nire hondar aletxoa jarri nuela sentitu nuen.

Hilaren 8an iritsiko da eskualdera Korrika. Parte hartuko al duzu?

Noski! Hasiera ekitaldian izanda, esperientzia borobiltzeko korrika egin beharko da, bestela damuak etorriko dira gero.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide