Embarca Bellaher: "Traizionatu egin dute Mendebaldeko Sahara"

Nerea Uranga 2022ko mar. 31a, 15:00
Embarca Bellaher (erdian) joan den asteburuan Mendebaldeko Sahararen alde Madrilen egindako mobilizazioan.

Azkoitian bizi den saharar errefuxiatuaren arabera, "sahararrei beren-beregi eragiten dien aldebakarreko erabakia" hartu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak.

Haserre eta suminduta dago Embarca Bellaher (Argub, Mendebaldeko Sahara, 1969). Errefuxiatu sahararra da, eta Azkoitian bizi da 2013. urtetik. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Mendebaldeko Sahararentzat Marokok proposatutako autonomia plana babestea "Saharako herriari traizio egitea" dela dio Bellaherrek: "Traizionatuak sentitzen gara, eta gu aurretik esaten ari ginen hori argitara atera da. Sahararroi beren-beregi eragiten digun aldebakarreko erabakia hartu du Sanchezek".

Marokoko Errege Etxeak Sanchezek igorritako eskutitz baten berri eman zuen martxoaren 18an. Idatzi horretan, Sanchezek Mohamed VI.a erregeari adierazi zion 2007an hark proposatu zuen autonomia plana babesten duela Mendebaldeko Sahararentzat, gatazka gainditzeko aukerarik "serioena, errealistena eta sinesgarriena" hori dela iritzita.

Ordutik, Sanchezek hartutako erabaki horren kontrako hainbat iritzi plazaratu dira han eta hemen. Esaterako, kritika handiak jaso ditu PSOEk Espainiako Gobernuan koaliziokide dituen Unidas Podemoseko ordezkarien nahiz oposizioko alderdien aldetik. Mendebaldeko Sahararen aliatu nagusia den Aljeriak ere kritikatu egin du Sanchezek ez ziola eman jarrera aldaketa horren berririk.

Batzuen eta besteen erreakzioez gain, Saharako komunitateko kideak mobilizatu egin dira erabakiaren kontra. "Gu ez gara geldirik egongo, Mendebaldeko Sahara askearen alde borrokan jarraituko dugu. Azken astean, Espainiako gobernuburuaren jarrera aldaketaren kontra egin dugu: Donostian egin genuen mobilizazio jendetsu bat, eta Zestoan eta Zumaian elkarretaratzeak egin genituen joan den astean. Asteburuan, berriz, Madrilera joan ginen hango mobilizazio handian parte hartzeko".

Mendebaldeko Sahara "trukerako gai gisa" erabili du Sanchezek, Bellaherren arabera: "Gobernuburuaren jarrera aldaketa Espainiaren lurralde osotasuna bermatzeko eta migrazio fluxua gelditzeko dela esan dute, baina hori ez da horrela. Marokoren txantaiapean hartutako erabakia da, lotsagarria. Sanchezek makur jokatu du Marokoko tiranoaren aurrean, eta erabakiarekin sahararrak bazterrean utzi gaituzte".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide