Erretratua

Eneritz Artetxe: "Barra ertzeko bertsolaritik beti izan dut gehiago"

Miren Elorza 2022ko api. 16a, 12:34
Eneritz Artetxeren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Txikitatik izan du Eneritz Artetxek hizkuntzarekiko atxikimendua eta horrekin jolasteko zaletasuna. 10 urte zituela hasi zen bertso eskolan, eta oraindik gogoan du umea zela ikasi zuen lehen bertsoa. Ordutik makina bat plaza eta antzokitatik igaro da bertsolaria. Gaur, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea da.

Ustez, Loidisaletxeri jarritako puntu bat eta hark emandako erantzuna izan ziren Eneritz Artetxek (Azkoitia, 1990) lehenbizikoz ikasi zituen bertsoak. Gogoan du osabak nola kantatzen zion, eta umetan ikasitako bertso haiek ahaztezinak zaizkio Artetxeri, oraindik "hasi eta bukatu" abesten baititu. Ordutik bertso asko ikasi ez dituela dioen arren, hainbat ekarpen egin dizkio bertsolaritzari; bertso eskolako ikasle izatetik, 15 urterekin irakasle izatera pasatu zen.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea da azkoitiarra, eta azken lau urteotan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea ere bada. Elkarte horren proiektuaren egitekoaz arduratzen da Artetxe, eta, besteak beste, Gu ere bertsotan hizkuntza arautuko egitasmoa –eskola orduetan bertsotan egiteko proiektua– koordinatzen du. Bestalde, lau urtean behin txapelketak antolatzeaz ere arduratzen da.

Azken urteotan oholtzaren beste aldean dabilen arren, Artetxek ondo gogoan du plaza batean bertsotan egin zuen lehenengo aldi hura: 13 urte zituela, bertso eskolako beste bi kiderekin batera, Arrasaten (Gipuzkoa) kantatu zituen aurreneko doinuak. Lehenbizikoz oholtzara igo aurreko urduritasunaz ere oroitzen da, baita hara igo nahi ez zuela-eta irakaslearekin izan zuen liskar txikiaz ere. Egun hartan nola jantzita zegoen ere "ondotxo" gogoratzen dela dio bertsolariak.

Grina, umetatik

Bertso mugimenduan hasi zenetik gaur arte, oroitzapen eta bizipen mordoa ditu gordeta Artetxek. Batzuk hobeak, eta besteak, ez horrenbeste; baina denak kutunak. Adierazi duenez, irakasle lanetan aritu zenean saiatu zen aurretik bertso eskolan ikasi zuen guztia ume eta ez hain umeei irakasten, eta ez bertsoaren osaketari zegokionez soilik: "Bertso eskolan bertsotan ikasi dugu, noski, baina horretaz aparte, beste hainbat kontu ere bai, hala nola bizimodu bat edukitzen, herri mugimenduko kide izaten, talde baten parte hartzen eta harreman sarea mantentzen". Bertso eskolan irakasle aritu den urteetan gustokoena izan duena berak bertan jaso zituen balioak transmititzea izan dela adierazten du Artetxek. Gutxien, aldiz, publikoaren aurrean kantatzearekin zerikusia duten gatazkak gustatzen zaizkiola dio: "Ikusten duzunean pertsona bat bertsotan ondo ari dela, baina ez duenean jendaurrean atera nahi, kostatu egiten da. Eta alderantziz ere bai: ikasle bat jendaurrera ateratzera animatu duzunean, ikaragarrizko tratua pasatzen ari dela ikustea ere ez da samurra izaten".

Azkoitiarrak etxetik jaso du hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko zaletasuna. "Gurasoek beti esaten didate ostiral gauetan aita Setimonean egoten zela, eta gu Loiolatik bueltan hura agurtzera sartzen ginenean, bere magalean eseri, telebistako mandoa hartu eta Hitzetik Hortzera saioari begira egoten nintzela, begiak zabalzabalik". Hizkuntzarekiko eta kulturarekiko zaletasuna lanbide bilakatu du Artetxek. Gainera, ia hamabost urtez bertso eskolako irakasle izateaz gain, Euskal Filologia ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoa egina du.

Bertsolarien artean filologo mordoxka egon ohi den arren, profil hori izateak bertsotarako sorkuntzan eraginik ez duela iritzi dio Artetxek. Are gehiago: bertso eskolan ibili izanak hizkuntzarekiko interesa eman diola, eta horren eraginez, filologia ikasketak egin dituela adierazi du. "Matematika ikasi duen batek hizkuntza ni bezain ondo edo hobeto menpera dezakeela iruiditzen zait. Gaur egungo txapeldunak begiratzea besterik ez dago: Maddalen Arzallusek, esaterako, Arte Ederrak ikasi zituen, eta Amets Arzallusek, kazetaritza".

Bertsolaritza "etengabeko mugimenduan" dagoen zerbait dela definitzen du Artetxek: "Belaunaldi berriak datozen heinean, gauzak mugitzen doaz, eta mugimendua dagoen bitartean, gizartea aldatu ahala, bertsolaritza ere aldatu egiten da". Era berean, azken urteetako iraultzarik handiena feminismoaren eskutik etorri dela uste du azkoitiarrak. Zentzu horretan, ordea, zenbakietara mugatzea ez du gogoko. "Amorrua ematen dit zera esaten dutenean: 'Finalean ez da bigarren emakumerik sartu'. Ez gaitezen soilik zenbakietan geratu. Edo alderantziz, ez dugu esango final bat parekidea dela lau neska eta lau mutil daudelako soilik". Diskurtso osoan aldaketa handia egon dela uste du bertsolariak, baita gaiak jartzeko orduan ere, baina ez soilik emakumeak ahaldundu direlako, baita gai-jartzaileak "etengabeko prestakuntzan" dabiltzalako ere, izan feminismoan edo beste alorretan.

Plazatik urrunduz

Azken urteotan bertsolaritza profesionalizatu den heinean, bertsoa kaleko inprobisazio eremuetatik desagertzen ari den sentipena du Artetxek. Bertsolaritzak "prestigioa" irabazi duela uste du, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean BEC beteta ikusteak kultur mugimenduari ospea ematen diola adierazi du. Bertsoa jende gehiagorengana heldu den heinean, ordea, betiko bertsozale batzuk urrundu egin direla uste du. "Jaialdietan gazte asko ikusten da. Bertsoa beste modu batera iritsiko ez litzatekeen eremuetara iritsi da; teknologiak ere eragingo zuen hor".

Sare sozialetako bertsoa indartu, baina "tabernako barra ertzean ordu txikitan" entzuten zena murriztu egin dela dio azkoitiarrak, eta ondorioz, "kaleko bertsolariak" galtzen ari direla sumatzen du. Pandemiaren eraginez, gainera, jaialdien eredua ere aldatu egin da, eta ez da bertso-afaririk, bertsopoteorik nahiz antzeko ekitaldirik egin. Jaialdi mota bakarra egin da, baina Artetxeren ustez, bertsoa ez da hori bakarrik. "Bertsoa kaleko jardun bat izan da beti, eta hori galdu egin dugula iruditzen zait".

Haren ustez, izugarria da azken bi urteetan bertsolaritzak jasan duen bilakaera. "Barra ertzeko bertsolaritik beti izan dut gehiago, eta azken urteetan, barra ertzeko jarduna izatetik bakoitza bere etxean kantuan jardutera iritsi gara. Ikaragarria iruditzen zait ehunka lagun pantailaz bestalde etxeko paretari kantatzen ari ziren bertsolariak entzuten aritzea". Egoera horrek herriko bertsolariak ezkutatzea ekarri du. "Non geratu dira kaleko bertsolariak? Horiek ere bertsolariak dira". Jendea berriro ere bertso ekitaldiekin hasteko gogoz dagoela adierazi du azkoitiarrak; "otordu gogoa" dagoela, eta bertsoa betiko eremuetara iristeko itxaropentsu da Artetxe.

Adina: 31 urte.

Ikasketak: Euskal Filologian gradua eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoa.

Lanbidea: Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea.

Bertsolaria ez banintz… Andaluzian jaioko banintz, flamenka jantzi eta kopla kantari ibiliko nintzen.

Lanetik ateratzean gogoko dut… ingurukoekin denbora pasatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide