Martxan dira herrian LED argiak ezartzeko lanak

Anartz Izagirre 2022ko mar. 9a, 09:46
Langileak LED argiak aldatzen. (Azkoitiko Udala)

"Eraginkortasun energetikoa hobetzeko asmoz" jarriko ditu udalak LED argiak, eta 959.308 euroko aurrekontua izango dute lanek. Guztira, herriguneko 1.963 argi aldatuko dituzte.

Hasi dira dagoeneko herrigunean LED argiak jartzeko lanekin. Azkoitiko Udalak adierazi duenez, LED teknologia duten argiak ezarriko dituzte herriko hainbat puntutan, "eraginkortasun energetikoa hobetzeko asmoz". Erakundearen arabera, "garrantzia" dute lanek, besteak beste, LEDek dituzten abantailengatik; izan ere, kontsumo baxuagokoak izateaz gain ingurumenarekiko errespetuzkoagoak dira argi horiek. Aste honetan, Bizenta Mogel, Aretxabaleta, Ugarte, Klara Donea, Trenbidearen Zumardia, Julio Urkixo eta Abarketagileen kaleetan arituko dira argiak ezartzen, arkupeetatik hasita.

Lanen aurrekontua 959.308 eurokoa da, eta udalak 487.519 euroko dirulaguntza jasoko du Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik, Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezte Institutuaren bitartez, lanok gauzatzeko. Udalaren arabera, LED argiekin %82,60 aurreztuko da energian, eta aurrez egindako azterketen arabera, potentzia 312,72kW-tik 78 kW-ra jaitsiko da.

Tecuni enpresari esleitu dizkiote obrak, eta zortzi hilabeteko epea izango dute horiek lanak amaitzeko; herrian 3.280 argi puntu daude, eta 1.963 aldatuko dituzte. Potentzia murrizteaz eta argiaren kalitatea hobetzeaz gain, gainera, ordutegien arabera argien intentsitatea ere doitu ahalko da.

Udala 2016. urtean hasi zen argi publikoak aldatzen, eta orduan argi koadro guztietako instalazio elektrikoa berritu zen, segurtasuna bermatzeko eta mantentze lanei lotutako intzidentziak murrizteko. Herrian dauden 47 koadro elektrikoak berritu ziren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide