Korrika Txikia egingo dute Anaitasunaren larunbateko partidaren atsedenaldian

Andoni Elduaien 2022ko mar. 3a, 10:22
2019an Txerloian egin zuten Korrika Txikiko argazki bat.

Korrikaren aldeko eguna ospatuko dute datorren larunbatean Txerloian. Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak jokatuko duen partidaren atsedenaldian egingo dute euskararen aldeko lasterketa.

Datorren larunbatean, martxoak 5, Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak Pasaiaren aurka jokatuko duen partidaren atsedenaldian Korrika Txikia egingo dute Txerloia futbol zelaian. Pasaitarren aurkako partida 16:30ean hasiko da, eta hara bertaratutako edonork izango du Korrika Txikian parte hartzeko aukera.

Zelaian zehar lekukoaren atzetik itzulia emanda, lekuko barruko mezua irakurriko dute amaieran harmailan batutako zaleen aurrean. Azkoititik apirilaren 8an, ostirala, pasatuko da 22. Korrika, 14:07ean. Korrika Kulturalaren barruan antolatu dute AEK-k eta Anaitasuna futbol taldeak larunbateko Korrika Txikia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide