Elkarguneko matrikularen nondik norakoak izango dituzte hizpide biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2022ko ots. 22a, 13:27
Azkoitiko udaletxea. (Argazkia: Andoni Elduaien)

11 puntuko gai-zerrenda izango du bihar udalbatzarrak. Elkarguneko matrikulazioaren ordenantzan beste zenbait salbuespen egoera txertatu nahi ditu udalak, eta hori onartu edo ez erabaki beharko dute udal taldeek.

Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura aretoan. 19:00etan hasiko dute batzarra udal ordezkariek, eta hainbat gai izango dituzte eztabaidagai. Besteak beste, aurtengo araudi plana nahiz lanpostu zerrendaren hasierako onespenak izango dituzte aztergai, baita 2022ko ordenantza fiskalen hasierako onespena ere. Bestalde, PSE-EE udal taldeak adinekoei eta pertsona zaurgarrienei egokitutako arretaren inguruko mozioa aurkeztuko du, eta Udal Gobernuak Martxoaren 8ari buruzko adierazpena onartuko du.

Era berean, Elkarguneko matrikula kontuak ere mahaigaineratuko dituzte. Egun, Elkargunean lehen aldiz bazkide egitean, ez da kobratzen matrikula egitea. Aldiz, matrikula kobratzen zaio bazkide bati baja eman eta urtebete baino lehen berriro alta ematen badu. "Bazkide kopuruaren egonkortasuna bermatzeko eta mugimendu desorekatuak saihesteko hartutako neurria da hori", azaldu du udalak. Aurrerantzean, ordea, beste zenbait salbuespen egoera sartu nahi ditu erakundeak ordenantzan egingo duten aldaketan. "Arrazoi bategatik edo besteagatik, erabilera baldintzak aldatzen badira, eta baldintzak leheneratu eta lau hilabeteko epean berriro alta ematen badu, ez zaio matrikula kobratuko baja eman duen bazkide horri". Salbuespen egoera kontsideratu nahi du udalak, esaterako, COVID ziurtagiriaren eskakizuna. 

Hona hemen biharko udalbatzarrean landuko dituzten gaiak:

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. 2022 ekitaldirako araudi planaren onespena.
  3. 2022 ekitaldirako lanpostuen zerrendaren hasierako onespena.
  4. Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
  5. 2022ko ordenantza fiskalen aldaketaren hasierako onespena, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren aldaketa 7/2021 Foru Dekretu arauaren ondorioz.
  6. 2022ko Zubiaurre-Elkargune Institutuko ondare sarrera publiko ez tributarioen ordenantzaren aldaketaren hasierako onespena.
  7. PSE-EE udal taldeak aurkeztutako mozioa, adinekoei eta pertsona zaurgarrienei egokitutako arretaren ingurukoa.
  8. EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, martxoak 8 egunaren ingurukoa.
  9. Behin betiko onespenen berri ematea.
  10. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  11. Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide