Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea erabat itxiko dute bihar gauean

Ane Olaizola 2022ko ots. 22a, 08:59

26,600 eta 27,800 kilometroen artean aurreratzeko zati bat egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta tarte horretan babes elementuak kendu behar dituelako itxiko dute errepidea hainbat orduz.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidean obrak egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta zehazki, aurreratzeko zati bat egiten ari da 26,600 eta 27,800 kilometro puntuen artean. Lanak egin ahal izateko, erreietako bat erabat okupatzen dute obrek, eta ibilgailuak txandaka igarotzen dira handik, semaforo bidez.

Aldundiak, ordea, adierazi du babes elementuak kendu behar dituela, eta horretarako, beharrezkoa duela errepidea erabat hartzea. Hori hala, bi norabideetan itxiko dute errepide zati hori, asteazkenetik ostegunera arteko gauean, 23:00etik 05:00etara bitartean. Bitarte horretan, honako bide hauek erabil ditzakete ibilgailuek: GI-3750 Elosuan barrena, GI-2634 Azkaraten barrena eta GI-2635 Mandubian barrena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide