Bertako zuhaitzak landatu dituzte hainbat lagunek Munoaundin

Anartz Izagirre 2022ko ots. 12a, 15:30

Munoaundin zuhaitzak landatzeko hitzordua jarri zuen gaurko Urola Bizirik natur taldeak, eta hainbat herritarrek askotariko zuhaitzak landatu dituzte Azkoitiko Udalak taldeari emandako lursail zatian.

Munoaundiko lursail bat Urola Bizirik taldearen esku utzi du Azkoitiko Udalak, eremu horretan basoa era dezan, eta gaur, zapatua, goizean goizetik hainbat zuhaitz landatu dituzte herritarrek han. Natur taldeak 09:30erako zuen hitzordua jarrita, eta Abaraxka aterpetxetik oinez joan dira ekintzara batu diren herritarrak, Urola Bizirikekoek gidatuta.

Orotara, 60 zuhaitz sartuko dituzte Artadi mintegiko arduradun Geert Roelsen aholkuak jarraituz; besteak beste, astigarra, gurbitza, hurritza, artea eta lizarra landatuko dituzte Munoaundin. Landaketaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte Roelsek eta Urola Bizirik taldeko Iñaki Eizagirrek lanean hasi aurretik, eta, ondoren, aitzur-lanean aritu dira hainbat haur, gazte eta heldu natur taldearen lursailean. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, gaurkoa "hasiera" bakarrik ez da izan, eta datozen asteetan eta hilabeteetan jarraituko dute lanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide