Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiririk ez da beharko gaurtik aurrera

Julene Frantzesena 2022ko ots. 4a, 09:49

Eusko Jaurlaritzak erabaki du neurri hori bertan behera uztea, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia eta egoera epidemiologikoa tarteko. Espainiako Gobernuak, berriz, aire zabalean maskara erabiltzeko agindua ere bertan behera utziko du datorren astean.

Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera indargabetzeko agindu bat kaleratu du gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA). Horrenbestez, gaurtik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute osasun ziurtagiririk eskatuko gaueko aisialdian eta 50 bezero baino gehiagorentzat lekua duten jatetxeetan ere.

Erabaki hori hartzera EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak eraman du Jaurlaritza. Izan ere, erakundeak ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko –hotelak, turismo ostatuak eta joko aretoak– egidako eskaerari ezezkoa eman zion auzitegiak asteartean. Gainera, Jaurlaritzak esan du egoera epidemiologikoari ere erreparatu diola erabakia hartzerakoan. Halaber, Osasun Sailak "zuhur" jokatzea eskatu du.

Azaroaren 17az geroztik izan da indarrean ziurtagiriaren derrigorrezko erabilera, eta eztabaida ere piztu du haren erabilerak. Izan ere, neurria indarrean jarri zenetik osasun ziurtagiriaren kontrako protesta bat baino gehiago egin dira han eta hemen. Azkoitian, esaterako, bi elkarretaratze egin dituzte Azkoiti Aktiboa taldeak deituta. Urtarrilaren 7an egin zuten lehena, eta urtarrilaren 29an bigarrena.

Aire zabalean maskararik ez

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Espainiako Ministroen Kontseiluak aire zabalean maskararen erabilera derrigorrezkoa ez dela izango dioen errege dekretua sinatuko du datorren asteartean. Joan zen abenduaren 24an ezarri zuen Espainiako Gobernuak maskara aire zabalean erabiltzeko derrigortasuna, baina datorren ostegunetik aurrera bertan behera geldituko da neurri hori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide