Anaitasunak 3 eta 0 menderatu du Cultural Durango Txerloian

Andoni Elduaien 2022ko urt. 23a, 18:56
Gorrixek, gola ospatzen.

Bizkaitarrak bat gutxiagorekin gelditu ostean, nagusi izan da Anaitasuna berdegunean. Ander Arabaolazak bi eta Mikel Aramendik egin dituzte gorrixen golak. Anaitasunako neskek, berriz, galdu egin dute Gasteizen. Denboraldi honetan lehen aldiz galdu dute Gorka Zubizarreta entrenatzailearen neskek.

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak 3 eta 0 irabazi du gaur, igandea, Cultural Durangoren aurka, Txerloian. 30. minutuan jokalari bat galdu dute bisitariek, eta gorrixek ederki baliatu dute berdegunean bat gehiagorekin aritzea.

Ordu erdia bete artean, Anaitasuna baino gehiago izan da Cultural Durango zelaian, eta abagune onenak ere bisitarienak izan dira. Aukera onena 22. minutuan egin dute durangarrek, area barruan buruz errematatutako baloian. Mikel Ruiz atezain zarauztarrak, ordea, erantzun ezinhobea eman dio burukadari. 

30. minutuan iritsi da partida goitik behera aldatu duen jokaldia. Epaileak txartel gorria erakutsi dio Durangoko atzelari bati, Anaitasuna erasoan irteten ari zela Ander Arabaolaza erasotzeagatik. Harrezkero, azkoitiarrak jaun eta jabe izan dira zelaian. Baloiarekin ondo, eta hegaletatik min eginez, durangarren area zapaltzen hasi da Anaitasuna. Horrela, 38. minutuan Danik eskuin hegaletik erdiratutako baloia orpoarekin errematatu du Arabaolazak area barruan, eta baloia sareetara bidali du zuzenean aurrelariak.

Bigarren zatian, berriz, Anaitasunak ez du arazoetan sartu nahi izan, eta baloia patxadaz eta ondo mugitu du. Jokoa zentzu handiz garatu du taldeak, eta 60. minutuan penaltitik egin dute gorrixek bigarrena. Eskuin hegaletik Mikel Aramendik erdiratu duen baloiak Durangoko atzelari baten eskuan jo du, eta epaileak ez du zalantzarik izan penaltia adierazterakoan. Arabaolazak hartu du 11 metrotako jaurtiketa egiteko ardura, eta aurrelariak bi goleko errenta eman dio taldeari.

Cultural Durango ez da Anaitasuna estuasunetan jartzeko gai izan, eta gorrixek erasora irten dira aukera izan duten bakoitzean. Hain zuzen, horrela iritsi da Artetxeren taldearen hirugarren gola. Ezker hegaletik zuzen sartu da Julen Aramendi areara, eta erdiraketa eginda bere anaia Mikelei iritsi zaio baloia bigarren zutoinaren parean. Aramendi anaietan zaharrenak ez du barkatu ate aurrean.

Garaipena eskuratuta, Anaitasunak 35 puntu ditu orain, eta laugarren postua gertu du berriz ere taldeak. Datorren asteburuan ere etxean arituko dira Xabi Artetxeren mutilak. Goiko postuetan dabilen Barakaldo jasoko dute gorrixek larunbatean, Txerloian. 

Arabaolaza izan da neurketako protagonista. Bigarren gola penaltiz egin du aurrelariak.

Neskek, galdu

Emakumezkoen Euskal Ligako neskek Gasteizen jokatu dute eguerdian, eta denboraldiko lehen porrota jaso dute San Martin Hauskaitz taldearen aurka. Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak 2 eta 0 galdu du. Ordu laurdena betetzerako okertu zaio nesken taldeari norgehiagoka, eta 8. eta 13. minutuan egin dituzten golak nahikoa izan dituzte etxekoek hiru puntuak eskuratzeko.

Bigarren zatira gola egiteko asmoz zelairatu dira Anaitasunak neskak, aldea murriztu eta berriz ere partidan sartzeko helburuarekin. Ez dira asmoa gauzatzeko gai izan, ordea, eta denboraldi honetan lehen aldiz punturik ez dute poltsikoratu. Porrotarekin sailkapeneko hiru onenen artean sartzeko borrokatik urrundu dira neskak. 28 punturekin, sailkapeneko laugarrena da gaur-gaurkoz Zubizarretak gidatzen duen taldea. Datorren asteburuan, Añorga 'B' taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Anaitasunako neskek etxean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide