Apirilaren 30ean izango da aurtengo Azkoitiko Duatloia

Andoni Elduaien 2022ko urt. 22a, 09:00
2017an jokatutako probaren irudia.

Azkoitri triatloi klubak jakinarazi duenez, goizean umeentzat eta federatu gabeentzat duatloiak prestatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, federatuen distantzia motzeko duatloia jokatuko da.

Oraindik hiru hilabete luze falta badira ere, Azkoitri triatloi kluba hasita dago aurtengo Azkoitiko Duatloia prestatzen. Hain zuzen ere, klubak aste honetan jakinarazi du probaren data zein izango den. Apirilaren 30ean, larunbata, jokatuko da 2022. urteko duatloia, herriko kaleetan zehar. Euskadiko Triatloi Federazioaren barruko proba izango da Azkoitikoa.

Probaren inguruko xehetasun guztiak data hurbildu ahala emango badituzte ere, triatloi klubeko kideek jakinarazi dute apirilaren 30eko goizean, umeentzako duatloia antolatuko dutela. Federatu gabeek ere izango dute duatloia egiteko aukera; izan ere, super sprint distantziako duatloian parte hartzeko aukera izango dute federatu txartela ez dutenek.

Federatuen ohiko lasterketa, berriz, arratsaldean jokatuko dute. Azken horiek 10 kilometro egingo dituzte korrika bizikleta gainera igo aurretik. Bizikletarekin, berriz, 40 kilometro osatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta duatloia berriz ere lasterka amaitu beharko dute; azken zatian bost kilometro egingo dituzte korrika.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide