Fitur azokaren Gipuzkoako mugarri turistikoen aurkezpenean parte hartu du Iraurgi Berritzenek

BegoƱa Beobide, Fitur azokan. (Iraurgi Berritzen)

2022rako Gipuzkoako mugarri turistikoen aurkezpenean parte hartu du Urola Erdiko berrikuntza eta garapen agentziak. Gipuzkoa Turismoaren 2022ko mugarrietako bat da Ignaziotar Lurraldeko baliabide turistikoen digitalizazioa, Elkanoren mundubiraren mendeurreneko ospakizunekin batera.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko berrikuntza eta garapen agentziak Fitur Nazioarteko Turismo azokan parte hartu du. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak 2022. urterako Gipuzkoa Turismoak dituen lan lerro eta mugarri nagusiak aurkeztu ditu Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Garapen diputatuarekin batera.

Aldundiaren Turismo departamendua eta Iraurgi Berritzen proiektu berri bat ari dira garatzen berrikuntzaren arloan. Ignaziotar Urtearen testuinguruan garatu dute proiektua; izan ere, Ignaziotar Lurraldea 360º izena hartu du proiektuak. Ignaziotar Lurraldeko –Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak– baliabide turistikoen digitalizazioa du ardatz proiektuak. Hain zuzen ere, hori da Gipuzkoa Turismoaren 2022. urteko mugarrietako bat. Garapen agentziaren arabera, "denboran irauteko bokazio argia" duen proiektua da.

Turismo baliabideak eta ondarea balioan jartzeko, mapak nahiz eskuorriak erabili izan dituzte orain arte. Euskarri fisiko horien antzeko euskarri digitalak sortzea izan da proiektua abian jartzeko oinarrizko ideia. Garapen agentziarentzat gizarte digitalaren kontsumo ohituretarako "egokia" izango da proiektua. HD kalitateko 360 graduko argazkiek eta multimedia formatuko narratibek nahiz kontakizunek osatzen dute egitasmoa, eta helburua da ondarea jendearengana modu erakargarrian iristea.

Proiektua garapen fasean dago oraindik orain, baina sustatzaileen aurreikuspenen arabera, 2022ko apirilean zabalduko diote publikoari. Ikus-entzunezko batek lagunduta aurkeztu dute produktuaren aurrerapena Fitur azokan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide