Apirilaren 8ko eguerdian igaroko da 22. Korrika Azkoititik

Julene Frantzesena 2022ko urt. 19a, 11:30
21. Korrika Azkoititik igaro zen eguneko irudi bat.

Aurreikuspenen arabera, euskararen aldeko lasterketa apirilaren 8an, ostiralez, 14:07an iritsiko da Azkoitiko lurretara. Azpeititik barrena helduko da, eta herrian itzulia eginda, Urretxura joango da.

AEK-k gaur jakinarazi du 22. Korrikaren ibilbidea, eta Azkoititik apirilaren 8an, ostiralez, igaroko da. Aurreikuspenen arabera, euskararen aldeko lasterketa 14:07an iritsiko da Azkoitiko lurretara; Azpeititik barrena iritsiko da, eta herrian itzulia eginda, Urretxura joango da.

Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da. Ohi bezala, eskuz esku ibiliko da mezu sekretua daraman lekukoa 11 egunez.

Urola Kostako herrietatik apirilaren 8an igaroko da Korrika: goizaldean Zestoatik, Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik; aldiz, eguerdian igaroko da Korrika Errezildik, Azpeititik nahiz Azkoititik.

Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, AEKren arabera, "euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako". Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte aurtengoan, "egindako ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". Korrikaren 22. aldiak iraungo duen 11 egunetan, 2.500 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek.

Honako hau da 22. Korrika Urola Kostako herrietatik apirilaren 8an igaroko den ordutegia –honako lotura honetan ikus daiteke ibilbide osoa–:

  • Zestoa: 01:30ean.
  • Zumaia: 02:58an.
  • Getaria: 03:55ean.
  • Zarautz: 04:26an.
  • Orio: 05:21ean.
  • Errezil: 12:26an.
  • Azpeitia: 13:26an.
  • Azkoitia: 14:07an.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide