Juaristi ISB jaun eta jabe izan da Levitec Huescaren kontrako partidan

Anartz Izagirre 2022ko urt. 17a, 10:14
Juaristi ISB eta Levitec Huescaren arteko norgehiagoka. (Mikel Amenabar)

Iñaki Jimenezen taldea galtzen hasi zen partidaren lehen zatian, baina bigarrengotik aurrera nagusi izan zen kantxan. Azkenean, 89-56 hartu zuten mendean Aragoiko taldea.

Juaristi ISB taldeak erakustaldi bikaina eskaini zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Izan ere, Levitec Huesca La Magia taldearen aurka neurtu zituen indarrak, eta 89-56 irabazi zuen etxeko taldeak. Lehen zatian ez zen fin ibili Iñaki Jimenezen taldea, eta galtzen hasi ziren, baina bigarren zatian indartsu atera ziren kantxara jokalariak, eta partidari buelta ematea lortu zuten. Juaristi ISBko Ondrej Hanzlik jokalari txekiarra izan zen atzo puntu gehien lortu erdietsi zituen jokalaria: 23 puntu.

Atzoko norgehiagoka irabazita, sailkapeneko 11. postuan dago gaur-gaurkoz Juaristi ISB, eta hurrengo partida Easycharger Palencia taldearen aurka jokatuko dute, Palentzian (Espainia).

Neskek partidarik ez

Azkoitia-Azpeitia ISB taldearen kasuan, bertan behera utzi zuten Estepona Jardin Costa Sol taldearen aurka asteburuan jokatu behar zuten partida; izan ere, positibo eman zuten COVID-19aren probetan Esteponako hainbat jokalarik. Hurrengo jardunaldia Sinergia Soluciones Real Canoe taldearen aurka jokatuko dute, larunbatean, Madrilen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide