Zaldi apustua, Txibilterrentzat

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 16a, 16:26

Azkoitikoaren zaldiak 86 plaza eta 1,20 metro osatu ditu, eta alde nabarmena atera dio 67 plaza egin dituen Zumaiako Talaia jatetxekoari. 3.000 euro zituzten jokoan gaurko desafioan.

Asteburuko bigarren apustua hartu du gaur eguerdian Gurea pilotalekuko probalekuak. Atzo gauean Hondarribiko (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalen abereak nagusitu ziren idi apustuan; eta gaur eguerdian, etxeko apustularia izan da garaile, Txibilterren zaldiarentzat izan baita zaldi apustua.

Atzo bezala, gaur ere ikusle asko elkartu dira Gurean. Azkoitiko Txibilterrek eta Zumaiako Talaia jatetxeak 3.000 euro zituzten jokoan, ordu erdiko lanean zeinen abereak plaza gehiago egin, eta azkoitiarraren zaldia aise antzera nagusitu da desafioan.

Apustuaren atariko pisaketaren ondoren zozkatu dituzte txandak, eta Txibilterri egokitu zaio apustua irekitzea. Ordu erdian 86 plaza eta 1,20 metro osatuta bukatu ditu lanak Azkoitikoaren zaldiak, Joxe Luis Idoatek eta Xabier Egiak itzain lanetan gidatuta. Marka ona ezarri du Txibilterrek, eta erreferentzia hori haustera atera dira jarraian Talaia jatetxekoak, baina bigarren aritzearen abantaila alferrikakoa izan da haientzat: 67 plaza juxtu egin ditu Zumaiakoen zaldiak, irabazlearen markatik urruti, Javier Elordui eta Axier Alegria itzainekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide