Igone Pagadizabalen idi pareak irabazi du kintopeko idi apustua

Mireia Galarza Bastida 2022ko urt. 16a, 10:54

29 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten hondarribiarraren idiek Zornotza anaienek lortutako 55 plaza, zinta bat, eta metro eta 84 zentimetro egiteko. 6.000 euro izan zituzten jokoan. 

Atzo jokatu zuten Azkoitiko Gurea pilotalekuko probalekuan kintopeko idi apustua Zallako (Bizkaia) Zornotza anaiek eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalek, eta lehia biziaren ostean, Hondarribiko idi pareak irabazi zuen apustua.

Zornotza anaien idi parea atera zen lehenengo probalekura, eta 30 minututan 55 plaza, zinta bat, eta metro eta 84 zentimetro egin zituzten Galder Bolaños eta Iñaki Urrutia itzainek gidatutako animaliek.

Asier Alegria eta Iagoba Tubilla aritu ziren gero Pagadizabalen idi parearekin, eta bukaerara arte lehiatu ostean, 29 minutu eta 48 segundotan lortu zuten aurrekoen marka berdintzea. Beraz, garaipena eta jokoan zeuden 6.000 euroak hondarribiarrentzat izan ziren.

Gaur jarraituko dute apustuek Gureako probalekuan. Izan ere, zaldi apustua egingo dute Azkoitiko Txibilter baserriak eta Zumaiako Talaia jatetxeak leku berean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide