Murala margotu du Gorka Larrañaga artistak Txerloia futbol zelaian

Andoni Elduaien 2022ko urt. 14a, 17:12

Gorri eta urdin koloreko murala margotu du artista azkoitiarrak futbol zelaiaren etxaurrean. Era berean, Anaitasuna futbol taldearen egungo armarria eta gizon-emakumeek osatzen duten irudia marraztu ditu Larrañagak. Gaur aurkeztu dute murala udaleko zein Anaitasunako ordezkariek eta artistak berak, Txerloian.

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak mural berri bat margotu du, oraingoa Txerloia udal futbol zelaiaren etxaurrean. Udalak eskatuta, Txerloiako sarrera nagusian gorri eta urdin koloreko murala osatu du Larrañagak. Alde batetik, Anaitasuna futbol taldearen egungo armarria margotu du, baita gizonezko eta emakumezko futbol jokalariak ere. Futbol taldearen kolore ofizialak erabilita, gainera, bandera erraldoi bat irudikatu nahi izan du azkoitiarrak. 

Altzibar auzoko bi etxaurretan Udane Juaristik eta Gorka Larrañagak egindako lanen ondoren, udalak Txerloia udal futbol zelaiko eraikina margotu nahi izan du oraingoan. Horrela azaldu du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak. "Larrañagari zer nahi genuen azaldu genion, eta hark bere ukitua eman dio udalak egindako enkarguari". Anaitasuna herriko instituzio sozialik zaharrenetarikoa da, 1934an sortu baitzen. "Azkoitian Anaitasunak suposatu izan duena irudikatuko du aurrerantzean mural honek. Milaka neska-mutilek osatzen duten familia da Anaitasuna. Artista lana da Larrañagarena, eta muralak omenaldia egingo dio horrenbeste urte lanean daramatzan taldeari. Artisten trebetasuna eta kultura bultzatuz, herriko eraikinak janzten ari gara; sinbiosi ona gara lortzen". Berdintasun arloan ere udala "pausoak ematen" ari dela azpimarratu du alkateak. "Poliki-poliki, baina aurrera goaz". 

Larrañagaren murala, Txerloia udal futbol zelaian.

Armarria eguneratzea, abiapuntua

Txerloiako etxaurrean orain gutxi arte zegoen armarria ez zegoen "ondo" alkatearen esanetan, eta hori izan da lanari ekiteko arrazoi nagusiena. "Klubaren armarria eta bandera ofiziala berreskuratu genituen bere garaian. Etxaurreko armarria, ordea, ez zegoen ondo orain arte, eta arreta sortzen zigunez, bagenuen aldatzeko gogoa. Aldaketa horretan oinarrituta egin du Larrañagak gainerako lana". 

Larrañagaren margolanak klubaren ibilbidea dakar gogora. Artistaren arabera, udalak egindako enkarguak helburu garbi bat zuen. "Futbol zelaiaren etxaurrea aktibatuz, klubari omenaldia egin nahi izan diogu. Armarriaren aldaketa izan da lanean hasteko arrazoietako bat; gero nire sorkuntza lana egiten hasi naiz. Ez nuen murala irudikapen soilean gelditzerik nahi, asmoa espazioa aktibatzea eta horri freskotasuna ematea izan baita. Era berean, saiatu naiz amua botatzen gazteen eta Txerloia aurretik pasatzen den jendearen begietara". Murala osatzeko, Larrañagak "askatasuna" izan duela nabarmendu du. "Izan ditut elkarrizketan aritu beharreko uneak, baina nik planteatutako ideia errotu da lanean".

Larrañagak azaldu du klubaren historia eta egunerokotasuna uztartu dituela muralean, garai bateko eta egungo futbol jokalariak iradokiz, gizon eta emakumeak. "Futbol talde batek berezkoak dituen osagaiak erabili ditut: taldea, jokalariak, armarria, bandera, eta hori guztia batzeko, koloreak. Kasu honetan garrantzia handia hartu dute koloreek".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide