Klik!

2021ari errepasoa

Ane Olaizola 2022ko urt. 19a, 08:45

Joan da 2021. urtea, eta askotariko albisteak utzi ditu. COVID-19aren izurriteak herritarren bizimodua goitik behera baldintzatzen jarraitu du, baina hortik haratago, hamaika gertakari izan dira herrian urtean zehar. Bukatu berri den urtean nabarmendu diren albisteen errepasoa egin du Maxixatzenek.

Neurri murriztaileak, urtarrilean

Aurreko urtea hankaz gora jarri zuen izurriak herritarren bizimoduan goitik behera eragiten jarraitzen zuen 2021aren hasieran ere. Etxeratze agindua indarrean zegoen artean, eta Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile zorrotzagoak ezarri zituen urtarrilean; besteak beste, eremu itxi zein irekietan lau pertsonetara mugatu zituen taldeak, eta konfinamendu perimetrala ezarri zuen; hau da, herritarrek ezin zuten beren udalerrietatik atera, hezkuntza, lan, zaintza eta osasun arrazoiengatik ez bazen. Bestalde, ostalariek bete behar zituzten neurri zorrotzak salatzeko, protestak egin zituzten han-hemenka, eta herriko tabernariek bilera egin zuten urtarrilean, erakundeari beren egoera azaltzeko.

Urteurrena prestatzen, otsailetik

Azkoitiak 700 urte beteko ditu bi urte barru, eta urteurrenaren bueltan dagoeneko hasi dituzte hainbat prestaketa lan. Batetik, herriaren sorreraren urteurrena iragartzeko mural handi bana egin zuten otsailean Udane Juaristi eta Gorka Larrañaga artistek Altzibarko biribilgunearen bueltan dauden bi eraikinetan. Bestetik, Herrilab +700 parte hartze prozesua abiatu du udalak, urteurrena herriaren inguruan hausnartzeko "une egokia" izan daitekeela pentsatuta. Ordutik, inkestak, bilerak eta lan saioak egin dituzte herritarrekin.

Aranbarriri saria, martxoan

Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartzen duen Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanak jaso zuen Donostia antzerki saria, martxoan. Epaimahaiaren arabera, 2020. urtean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako "antzezlanik onena" da amaitu berri den urtean saritu dutena. Xake Produkzioak konpainiaren hirugarren obra da Fadoak entzuten zituen gizona, Kepa Errastiren ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzia, Getari Etxegaraik zuzendua eta Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik berak antzeztua. Hain zuzen ere, Xake Produkzioak konpainiaren antzezlanak maskulinitatea lantzeko duen "modu originala" txalotu zuen epaimahaiak.

Maxixatzenen sorreraren urteurrena, apirilean

1996ko apirileko ostegun gau batean erein zuten hazia hainbat gaztek, orduan hasi ziren Maxixatzen euskara elkartea izango zen proiektua ontzen. Buruari eraginez eta ekinez, elkartea sortu ez ezik, Maxixatzen aldizkariak ere urte horretan ikusi zuen argia aurrenekoz, Andramari egunaren bezperan. Aurten, mende laurdena bete du elkarteak, eta hasi berri den urterako utzi ditu ospakizunak.

Pilotaren galera, maiatzean

Jexux Andueza pilotari ohia zendu zen maiatzaren 14an, 64 urte zituela. Anduezak, bere dinastiako seigarrenak, hainbat txapelketa irabazi zituen pilotari izan zen sasoian. 1978. urtean, VIII. Munduko Txapelketan urrea lortu, eta urte horretan Espainiako Afizionatuen Txapelketa ere irabazi zuen; urtebetera, berriz, profesionaletan debutatu zuen. Herrian ere arrasto handia utzi zuen Anduezak; izan ere, pilotan jokatzeari utzi ondoren Azkoitiko Oteiza Pilota Kirol Elkartearen ardura hartu zuen, eta 22 urtez aritu zen zeregin horretan.

Azkoitia eta Urretxu arteko lanak, ekainean

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean hasi zituen GI-631 errepidea hobetzeko obrak Azkoitia eta Urretxu artean. Hain zuzen ere, proiektua gauzatzeko aurreikusitako hiru aurreratze tarteetatik lehena egiteko lanei ekin zieten ekainean, eta hamabost hilabetetan obrak amaituta izatea aurreikusten dute erakundeetako ordezkariek. Obren helburua da errepidearen "trazadura hobetzea" eta "plataforma handitzea".

Astigarraga Kit Line enpresari saria, uztailean

Gipuzkoako Enpresaren Sariak banatu zituzten uztailean, eta Astigarraga familia azkoitiarrak gidatzen duen Astigarraga Kit Line enpresak garaikurra jaso zuen Enpresa Nazioartekotzea kategorian. Gipuzkoako Bazkundeak eskaintzen ditu sariak, eta epaimahaiaren arabera, "bere sektoreak etxeko merkatuan bizi duen krisiari erantzuteko nazioartekotze estrategiagatik" eta "bere produktu ikuspegia Europako merkatuaren errealitatera eraldatzeagatik" jaso zuen saria enpresak.

Egoitza Urrestillan duen enpresaren merkatu nagusia Frantzian dago egun, eta presentzia handia du Espainiako zein Italiako merkatuetan ere.

San Jose egoitza mobilizazioetara, abuztuan

Abuztuaren hondarrean, San Jose egoitzako egoiliarrak, senideak eta langileak elkartu eta protestak hasi zituzten. Egoiliarrei "zerbitzu duina" emateko "errefortzuak" behar dituztela aldarrikatu dute ordutik, eta askotariko mobilizazioak egin dituzte beren eskaerak zabaltzeko. Azaroan, esaterako, herritik Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman zituzten beren salaketak, eskaerak eta aldarrikapenak.

Landakandari agurra, irailean

Irailaren 25a egun tristea izan zen trikitiaren munduarentzat, Ramon Zubizarreta Landakanda hil baitzen, 88 urte zituela. 18 urterekin panderoa jotzen debutatu ondoren, Euskal Herriko trikitixaren munduan oso ezagun bilakatu zen Landakanda, Iñaki Garmendia Laja oholtza gaineko bikotearekin batera. Trikiti doinuz agurtu zuten pandero jotzailea, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian.

Floreagako igogailua, urrian

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko, eskuartean duen proiektuaren lehen faseko lanak gauzatu zituen udalak urrian: Floreaga Ikastetxearen eta Aizkibel kalearen artean igogailua jarri zuen martxan. Lanak hasi eta bost hilabetera inauguratu zuen erakundeak igogailua, Floreagako hainbat bizilagunekin batera.

Guztira, bost fase ditu auzoko irisgarritasun proiektuak, eta lehenengoa amaituta, Aizkibel kaletik Zuazola kalera joango den bigarren igogailua egiteko konpromisoa hartuta du erakundeak.

Danborrada, azaroan

2020ko etenaren ondoren, helduen danborra egin zuten azaroaren amaieran. Azaroaren hasieratik hura prestatzeko lanetan ibili ondoren, COVID- 19ak ezbaian jarri zuen danborrada azken unean, baina azkenean, aurrera egitea erabaki zuten. Ohi bezala, herriko txokoak hartu zituzten ehunka danborjolek, baina ez ohiko normaltasunean; protokolo zehatz bat jarraituz eta maskarak jantzita astindu zituzten atabalak.

Sanandresen bueltan egin ohi dute helduen danborrada herrian, baina izurriaren bilakaerak eraginda, jaien atarian festak bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Bigarren urtez jarraian, ez zen ohiko posturik eta ekitaldirik izan herrian.

Oletan haize errotak jartzeko prozedura, abenduan

Azkoitia, Zumarraga eta Urretxu artean dagoen Oleta mendiaren gainean lau haize errota jartzeko prozedura abiatu zuen Green Capital Development 65 SLU enpresak. Haren asmoa da Buruzai parke eolikoan lau aerosorgailu jartzea, horietako bat Azkoitiko lurretan. Parke eolikoaren bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazio baimena argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide