Anbulatorioko lehen arretako langileek Osakidetzaren "gainkarga" eta "utzikeria" salatu dituzte

Andoni Elduaien 2022ko urt. 13a, 13:13
Anbulatorioko osasun langileak, elkarretaratzean.

13:00etan anbulatorioaren atarira atera dira lehen mailako osasun langileak. Lehen arreta "itolarrian" dagoela nabarmendu dute ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatzen dute, EBren parera iritsi arte.

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Azkoitiko anbulatarioko lehen mailako arretako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, osteguna, anbulatorioaren atarian. Osasun zentroan lan egiten duten langileek hainbat minutuko lan etena egin dute, Osakidetzaren "gainkarga" eta "utzikeria" salatzeko. Egoera horri aurre egiteko, "berehalako neurriak" eskatu dituzte.

Abenduaren 22an ere protesta egin zuten Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako egoera "jasanezina" salatzeko. "Plantillen eskasia nabarmena da. Osakidetzak, besteak beste, COVID autotest neurriak ezarri ditu; hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso behar du, lan hori egiteko nahikoa langile ez dagoelako". Sindikatuen iritziz, Osakidetzan gertatzen ari dena ez da pandemiaren ondorioa bakarrik; izan ere, lehen arretako langileek "hiru greba egun" egin zituzten 2019an, orduan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Egoerak "okerrera" egin duela azaldu dute sindikatuek: "Pandemiaren aurreko egoera estrukturala are gehiago larriagotu du egungo osasun krisiak".

Langileen lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea "prekarizatzeaz" gain, sindikatuek uste dute "pandemia aitzakia" bihurtu duela Osakidetzak "murrizketak aplikatzeko" eta pazienteak osasun publikora "iristea zailtzeko". Era berean, "plangintza, errefortzu eta inbertsio eza" ere salatu dituzte. Pandemiaren kudeaketak eragindako "lan kargaren igoera esponentziala" dela eta, lehen arreta "itolarrian" dagoela nabarmendu dute sindikatuek.

Sindikatuek lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatu dute, Europako Batasunaren parera iritsi arte –BPGaren %7–. Gainera, lan taldeak "berehala indartzea" eta kategoria guztietan "nahikoa" giza baliabide ematea nahi dute; izan ere, milaka plaza gehiago behar direla aurreikusi dute. Era berean, aldi baterako langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea eskatu dute, baita lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea ere. "Lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita". Azken batean, osasun publikoa, eta, bereziki, lehen arreta lehenestea eta indartzea ekarriko duten estrategia bat aldarrikatu dute. 

Hilaren 23rako osasun publiko indartsu baten alde manifestatzeko deia egin dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Egun horretan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide