Maxixatzenen zozketak

'Tarara' antzezlanerako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Maxixatzenek

Maxixatzen.eus 2022ko mar. 28a, 09:00
Antzezlanaren irudi bat. (Hika Teatroa)

Larunbatean, 19:00etan hasiko da antzezlana Baztartxon. Azkoitiko Udalak emandako sarrerak zozkatuko ditu Maxixatzenek bazkideen artean. Parte hartu nahi dutenek, osteguneko 12:00etara arteko epea dute.

Hika Teatroa konpainiak Tarara antzezlana aurkeztuko du datorren larunbatean, apirilak 2, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean. Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute.

Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek.

Antzezlanari buruz

SanFran auzoan hazi da Rosa, biolin jotzaile gaztetxoa. Liszt eta zendutako beste hainbat musikagile ikusteko ahalmena du Rosak. Tarara, gaueko lanetan aritzen den emakume prostituta izango du lagun mamuen aurkako borrokan. Rosa heldua eta Rosa neskatoa txandakatuz ibiliko dira susmo hutsa den sekretuen inguruan hegan dabiltzan oroitzapenen joan-etorrian. Tiradera batean agertutako maitasun gutun batzuei esker azaleratuko da musikaz eta edertasunez betetako umearen memoria hautsia, ordura arte izuari zirrikiturik utzi gabea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide