Maxixatzenen zozketak

'Kopaz kopa' antzezlanerako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Maxixatzenek

Maxixatzen.eus 2022ko urt. 10a, 10:46
Antzezlanaren irudi bat. (Ados Teatroa)

Larunbatean, 19:00etan hasiko da antzezlana Baztartxon. Azkoitiko Udalak emandako sarrerak zozkatuko ditu Maxixatzenek bazkideen artean. Parte hartu nahi dutenek, osteguneko 12:00etara arteko epea dute.

Ados Teatroak Kopaz kopa antzezlana aurkeztuko du datorren larunbatean, urtarrilak 15, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zozketan parte hartzen duten Maxixatzeneko bazkide guztien artean.

Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek osteguneko 12:00etara arteko epea izango dute. Zozketan parte hartzeko, honako lotura honetan eman beharko da izena. Irabazleak ostegunean jakinaraziko ditu Maxixatzenek. Antzezlana zuzenean ikusteko sarrerak gaur jarri dituzte saltzen Entradium atarian, 8 euroan.

Antzezlanari buruz

Mikel, dibortziatua eta idazle frustratua, eta Ander, ezkontzeko zorian dagoen aktorea, bat datoz azken horren ezkongabe agurrean. Segurtasun eza arrastaka eramango dute kopaz kopa, erdipurdikotasunetik ihes egin eta bizirik sentitzeko zerbait aurkitu nahian. Gau horretan, Amaia eta Terra ezagutuko dituzte, emakume independente, ekintzaile nahiz aldartetsuak. Azken bi horiek gizonen bizitzak desorekatuko dituzte. Antzezlanean Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartuko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide