Idi eta zaldi apustuak egingo dituzte asteburuan Gurea probalekuan

Andoni Elduaien 2022ko urt. 10a, 10:07

Larunbatean, 22:00etan, kintopeko idi apustua jokatuko dute Zornotza anaiek eta Igone Pagadizabalek. Igandean, 12:30ean, zaldi apustua jokatuko dute Azkoitiko Txibilterrek eta Zumaiako Talaia jatetxeak.

Asteburuan bi apustu jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea probalekuan. Larunbatean, hilak 15, idi apustua jokatuko dute Zallako (Bizkaia) Zornotza anaiek eta Hondarribiako (Gipuzkoa) Igone Pagadizabalek. Igandean, berriz, zaldi apustua egingo dute Azkoitiko Txibilter baserriak eta Zumaiako Talaia jatetxeak.

Kintopeko idi apustua jokatuko dute Gurea probalekuan, larunbatean. Zornotza anaiek eta Igone Pagadizabalek 6.000 euro izango dituzte jokoan. Galder Bolaños eta Iñaki Urrutia ariko dira itzain lanetan Zornotza anaien idiekin, eta Asier Alegria eta Iagoba Tubilla Igone Pagadizabalen uztarriarekin; Ipintza harria erabiliko dute apustuan. Idiak proba egunean 10:00etan pisatuko dituzte, eta zozketarik egin gabe, bizkaitarrak plazaratuko dira lehenengo.

Igandean, berriz, zaldi apustua jokatuko dute Gurea probalekuan. Azkoitiko Martirieta auzoko Txibilter baserriko zaldia Zumaiako Talaia jatetxeko zaldiaren aurka arituko da Azkoitian. Apustuan 3.000 euro izango dituzte jokoan, eta bi aldeek aukera librean hautatutako bina itzain izango dituzte. Proban Balda harria erabiliko dute, eta pisaketa lehia hasi baino ordubete lehenago egingo dute. Bi apustuak Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide