Gipuzkoako Xake Ligaren hasiera data atzeratu dute

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 9a, 15:23

Berez atzo hastekoa zen txapelketa, baina osasun egoera tarteko, hilaren 29an jokatuko dute lehen kanporaketa. Anaitasuna Kakute xake taldea Arrasate Arlutz B taldearen aurka ariko da egun horretan.

Berez atzo, larunbata, zen hastekoa Gipuzkoako Xake Liga, baina COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko, lehiaren hasiera data atzeratzea erabaki dute. Gipuzkoako Xake Federazioak erabaki du lehen kanporaketa urtarrilaren 29an jokatzea, eta beraz, gainontzeko kanporaketa guztien datak ere atzeratu egingo dira.

Anaitasuna Kakute xake taldearen neurketetan eragin zuzena izango du aldaketa horrek, eta beraz, hilaren amaieran jokatuko du Azkoitiko klubak lehen kanporaketa, Arrasate Arlutz B taldearen aurka, Aretxabaletan. Azkoitiko taldea honako kide hauek osatuko dute, hasiera batean behintzat: Hector Sanchez, Carlos Sanchez, Anibal Fernandez, Jose Joaquin Larrañaga, Ion Kuende, Juan Carlos Valor, Xabi Ruiz eta Imanol Larrañaga jokalariek. Preferente mailako B taldean arituko da Anaitasuna Kakute sasoi berrian.

Zuzendaritzak azaldu duenez, taldeak kategoria horri eutsiko dion "konfiantza" dute. Dena den, egoera ez dela "onena" adierazi dute: "Inor ez dago lasai. Klub batzuek zailtasunak dituzte protokoloak betetzeko, kanporaketa batzuetan jokalariak faltako dira, eta egoerak baldintzatuko du guztia". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide