Euskal presoen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat lagunek

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 8a, 18:16

Egungo osasun egoera tarteko, Bilboko manifestazioaren ordez, mobilizazioak egin dituzte herriz herri, Sarek deituta. Dozenaka lagun elkartu da Azkoitian, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean zioen pankartaren atzean.

Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egitekoak ziren gaurko egunez Bilbon. Dena dela, egungo osasun egoera tarteko, mobilizazio horiek tokian-tokian egitea erabaki zuen erakundeak. Hori dela eta, hainbat herritar plazan elkartu dira gaur, 17:00etan, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean zioen pankartaren atzean.

Hain zuzen ere, presoak "eskubideen subjektuak" direla ohartarazi du Sarek, eta gaurko mobilizazioen bidez, euskal presoen eskubideak bete ditzatela eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei. Era berean, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du Sarek, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide