COVID ziurtagiriaren aurkako elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek plazan

Anartz Izagirre 2022ko urt. 7a, 19:41
Hainbat pertsona elkartu dira plazan COVID ziurtagiriaren derrigortasuna salatzeko. (Ane Olaizola)

Azkoiti Aktiboa taldeak deituta, hainbat lagunek COVID ziurtagiriaren derrigortasuna salatu dute plazan. "Ezin dugu besoak gurutzatuta jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala", azaldu dute elkarretaratzearen amaieran.

COVID ziurtagiriari ez! lelopean, hainbat herritar bildu dira gaur, ostirala, plazan. Azkoiti Aktiboa taldeak deitu du elkarretaratzea, eta mobilizazioaren amaieran irakurri duten adierazpenean esan dutenez, pasaporteak "modu krudel eta basatian" urratzen ditu herritarren oinarrizko eskubideak: "Tabernetan, jatetxeetan, ospitaleetan, kiroldegietan, liburutegietan eta zaharren egoitzetan egiten ari diren delituen lekuko izaten ari gara egunotan, eta ezin dugu besoak gurutzatuta jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala, horrek guztiak osasun krisi batekin zerikusia izango balu bezala", azaldu dute.

Azkoiti Aktiboa taldeko kideek nabarmendu dute "lege konstituzional asko" ari direla urratzen, "edozein dekretu autonomikoren gainetik dauden legeak". Era berean, aurrez hartutako hainbat neurri "legez kanpokoak" izan direla gogorarazi dute: "Konfinamendua legez kanpokoa izan zen, ondorengo alarma egoera ere bai... Hartzen dituzten neurri guztiak dira legez kanpokoak". Bestalde, "gizartea banatzen" saiatzen ari direla ere azpimarratu dute: "Gu zatitzen saiatzen ari dira, gizarte banandu bat nahi dute, ahula, beraiek beraien planak aurrera eramaten jarrai dezaten. Urteak daramatzagu entzuten politikariek nola lapurtzen duten diru publikoa, nola egiten dituzten murrizketak hezkuntzan, osasunean... Inoiz ez dira arduratu herriak dituen beharrez, zergatik sinetsi behar diegu orain? Zein da hartzen ari diren neurri guztien helburua? Norbaiti egiten al die mesede hartzen dituzten neurri horiek? Guk ezetz uste dugu. Ez diote inori onik egiten".

Egoeraren aurrean, beraz, indarrak batzeko deia egin diete "txertatuta dauden edo ez dauden herritarrei", baita "aukeratzeko eskubidea defendatzeko" ere. Honela azaldu dute: "Guztion artean buka dezakegu hau guztia, eta idatzita duten historiaren amaiera alda dezakegu. Elkartu gaitezen herriko plazetan, lantalde txikiak egin ditzagun gure herrietan, horietako askotan horretan ari baitira jada, eta horrela komunitate handi bat osatu baita".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide