Apirilera bitartean hamabi kultur emanaldi eskainiko dituzte Baztartxon

EƱaut Elorrieta musikaria Azkoitian izango da otsailean. (E. Elorrieta)

Datorren larunbatetik apirilaren 9ra bitartean, hamabi kultur emanaldi izango dira Baztartxo antzokian. Antzezlanak, kontzertuak eta dantza ikuskizunak eskainiko dituzte konpainia eta talde desberdinek.

Azkoitiko Udaleko Kultura Sailak Baztartxo antzokian apirilera bitartean ikusi ahal izango diren ekintzak jakinarazi ditu. Datorren larunbatean, urtarrilak 8, emango diote hasiera udaberrira bitartean prestatu duten egitarauari, Ruper Ordorikaren kontzertuarekin; musikariak Amour eta tojours disko berria aurkeztuko du, eta sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 12 euroren truke. 

Ordorikaren kontzertua, baina, ez da urtarrileko emanaldi bakarra izango; izan ere, hilaren 15ean, 19:00etan, Kopaz kopa antzezlana taularatuko du Ados Teatroak Baztartxon. Urtarrilaren 22an, bestalde, Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira dantza ikuskizuna eskainiko du Kresala dantza taldeak, 19:00etan. Hilaren 29an, azkenik, Logela Multimedia konapiniaren Tartalo, gaztaren sekretua umeentzako ikuskizuna ikusi ahal izango da antzokian, 18:00etan. 

Otsailean, hiru emanaldi izango dira Baztartxon. Otsailaren 5ean, Txalo Produkzioak konpainiak Lehendakari gaia antzezlana eskainiko du antzokian, 19:00etan. Otsailaren 12an, Eñaut Elorrieta abeslariak Irteera argiak diskoa aurkeztuko du Baztartxon, 19.00etan. Hilaren 19an, ostera, Benetan be konpainiaren Porno vs Afrodita (edo I love #GorkaUrbizu) antzezlana eskainiko dute Baztartxon, 19:00etan.

Martxoan, hiru emanaldi izango dira Baztartxo antzokian. Hilaren 5ean, 19:00etan, Ttanttaka Teatroaren Semea pixka bat motelago dabil soilik antzezlana ikusi ahal izango da antzokian. Martxoaren 12an, Txalo Produkzioak konpainiak gaztelerazko Juntos antzezlana taularatuko du, 19:00etan. Hilaren 19an, berriz, Go!azen 8.0 ikuskizuna eskainiko dute ETB1eko telesaileko aktoreek, Baztartxon; 17:00etan eta 19:00etan izango dira emanaldiak

Apirilean, azkenik, bi emanaldi izango dira Baztartxon. Batetik, apirilaren 2an, Hika Teatroak Tarara antzezlana eskainiko du, 19:00etan; eta bestetik, apirilaren 9an, Kantu Kolore taldeak Peru krokodriloa ikuskizuna aurkeztuko du Baztartxon, 18:00etan.

Musika kontzertuetarako sarrerak 12 euro balioko dute; helduen antzezlanetarako sarrerak 8 euroan jarriko dituzte salgai; eta haurren ikuskizunetarako sarrerak, 4 euroan. Go!azen 8.0 ikuskizunerako sarrerak eskuratzeko, aldiz, 6 euro oraindu beharko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide