Errege Magoek ilusioz eta magiaz bete dituzte herriko kaleak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 5a, 17:30

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek Azkoitia bisitatu dute gaur. Pajeek lagunduta, herriko auzo eta kale guztiak gurutzatu dituzte ibilgailu gainean.

Aurten ere ez dute ohiko kabalkada egiterik izan Errege Magoek, baina Meltxor, Gaspar eta Baltasar Azkoitian izan dira urtarrilaren 5ero moduan. Pajeek lagunduta, furgoneta baten atzealdian kalerik kale ibili dira Hiru Errege Magoak.

Herriko kale eta auzo ia guztiak zeharkatu dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Errepide bazterrean zain izan dituzten neska-mutilen gutunak jasotzeaz gain, guztiak ibilgailu gainetik agurtzeko tartea hartu dute hirurek. Txikienek, berriz, gogotsu eta ilusio bereziz egin diete oihu hiru Errege Magoei, eta aurten ere ez dira falta izan "Ekarriko, ekarriko" oihuak. Hainbat gunetan haur eta guraso ugari elkartu da Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak agurtzeko; batzuk, gainera, lasterka ere aritu dira Errege Magoen atzetik.

Maxixatzen.eus-ek hiru Errege Magoekin hitz egiteko aukera izan du, eta oinetakoak ondo garbituta jartzeko nahiz indarrak har ditzaten jateko zerbait uzteko eskatu diete haurrei. Kalean bi ordu pasatxoko ibilbidea osatu ondoren, gauean etxez etxe ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide