Gaztaneneako parkea garbitzeko lanak hasi ditu udalak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 4a, 15:18
Udal brigadako langileak, suteak kaltetutako materiala jasotzen.

Gaur hasi da udala Gazteneneako parke estalia garbitzen. Datozen egunetan aztertuko dute parkean zutik gelditu den materiala erabiltzeko moduan dagoen edo ez, eta horrela bada, datorren astearen erdialdean irekiko dute parkea.

Igande goizaldean, Gaztaneneako parke estalia erabat kiskalduta esnatu zen, eta udala gaur, asteartea, hasi da parkea garbitzeko lanetan. Su hartu zuen estalkia edo olana kendu dute udal brigadako langileek, baita parkean guztiz kiskali ziren jolasak eta materialak erretiratu ere.

Bihar, asteazkena, jarraituko du brigadak gunea garbitzen; izan ere, Imanol Arrizabalaga Hirigintza zinegotziak aurreratu duenez, parkea urarekin garbituko dute. "Parkea guztiz garbitu arte ez dugu jakingo jolasak erabiltzeko moduan izango garen. Materiala erabilgarri dagoen edo ez aztertuko dugu, eta jolasak erabiltzeko moduan baldin badaude, datorren astearen erdialdean-edo horiek irekitzea da asmoa", adierazi du Arrizabalagak. Datorren astearen hasieran, berriz, parkeko hondakinak jaso eta erabilgarri ez dauden jolasak itxiko dituztela nabarmendu du. 

Aurrera begira, parke estalia berreraikitzeko asmoa agertu du udalak. "Suposatzen dugu egiturak ez duela arazorik edukiko, eta mantentzeko moduan izango garela. Guztia garbitu arte, ordea, ezin dugu ezer baieztatu. Behin hori egindakoan, parkea berreraikitzeko prozedura jarriko du martxan udalak, lehenbailehen parkeak lehen zuen itxura berreskuratu dezan. Halere, denbora pixka bat beharko da guztia behar bezala jartzeko".

Joan den igande goizaldean erre zuten parke estalia. Udaltzaingoak igande goizaldeko 02:47ean jaso zuen partikular baten deia, suteaz ohartaraziz. Minutu gutxi barru bertaratu dira Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak. Azken horiek itzali zuten sua. Udalaren arabera, sutea "probokatua" izan da eta "sua hedatzeko substantziak" erabili dira. Ertzaintzak Maxixatzen.eus-i adierazitakoaren arabera, ikerketak zabalik jarraitzen du oraindik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide